Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

Presoen harrerengatik ikertutako seik "euren kabuz" jardun zutela esan dute

Epailaren aurrean adierazi dutenez, "dinamika" publiko baten testuinguruan hartu zuten parte, presoen gaiarekin sentsibilizatuta daudelako, eta inoren agindurik jaso gabe.

Martxoaren 3rako, beste sei lagun deitu dituzte. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Martxoaren 3rako, beste sei lagun deitu dituzte. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.
Martxoaren 3rako, beste sei lagun deitu dituzte. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAko presoentzako omenaldiak antolatzeagatik ikertuta dauden sei lagunek esan dute "euren kabuz" jardun zutela ekitaldi puntual batzuetan, "dinamika" publiko baten testuinguruan, presoen gaiarekin sentsibilizatuta daudelako, baina inoren agindurik jaso gabe.

Auzitegi Nazionalean deklaratu dute sei lagun horiek, Manuel Garcia Castellon epailearen aurrean. Honakoak izan dira deklaratzera deituak: Miren Zabaleta Nafarroako Sortuko zuzendaria, Jorge Olaiz, Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Alberto Matxain eta Irati Tobar.

Terrorismoa goratzea eta biktimak beheratzea egozten dizkie. Epailea ebazten saiatzen ari da 2016tik 2019ra bitartean egindako ia ehun ekitaldiren atzean antolatutako egiturarik ba ote dagoen.

Auzitegian izandako iturri juridikoek jakitera eman dutenez, sei auzipetuek fiskalaren eta defentsaren galderei eman diete erantzuna, eta ez diote erantzun akusazio popular gisa jardun duen Terrorismoaren Biktimen Elkarteko abokatuari.

Denek azaldu dute solidarizatu egiten direla presoen gaiarekin, preso ohiak eta ezker abertzaleko kideak diren heinean. Hortaz, noizbait, bozeramaileak izan dira ekitaldi puntualen batean, prentsaurrekoren edo manifestazioren batean; baina ezeztatu egin dute inork agindurik eman izana, edo atzean arduradunik egotea.

"Kalera Kalera" ekimeneko bozeramaileak izatea ezeztatu dute

Ezeztatu egin dute, halaber, "Kalera Kalera" ekimeneko bozeramaile gisa jardun izana. Hain zuzen ere, Antton Lopez Ruiz 'Kubati' ETAko preso ohia izan da ekimen horretako bozeramailea. Epaileak martxoaren 3rako deitu du Lopez Ruiz, horrelako omenaldiengatik ere.

Egun horretan bertan, hauek ere deklaratuko dute: Oihana San Vicente, Oihana Garmendia eta Haimar Altuna Sortuko kideek, Juan Mari Olano Amnistiaren Aldeko Batzordeen bozeramaile ohiak eta Julen Larrinaga batzorde horietako kide ohiak.

Ikertuak Auzitegi Nazionalean sartu aurretik, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatu ohiak kazetariekin hitz egin du. Kazetariei adierazi dienez, ez dago ados auzi honekin, eta Auzitegi Nazionala “Euskal Herriko eta Kataluniako herritarrak epaitzen dituen errepresioaren laborategia” dela nabarmendu du.

"Kezkagarria eta burugabekeria da Euskal Herriko bakearen eta normalizazioaren alde lan egiten duten hainbat ordezkari politikok salbuespen-auzitegi honetatik igaro behar izatea", deitoratu du Iñarrituk. Haren esanetan, "hau ez da kasualitatea: eskubideetan eta askatasunean aurrera egiteko aukera dagoenean, Estatuko alde ilun batzuk  normalizazio-bide hori oztopatzen saiatzen dira, eta iraganera bueltatzen dira".

Auzi honetan, 2016ko abendutik 2019ko urrira bitartean Hego Euskal Herriko hainbat udalerritan egindako 95 ekitaldi ari dira ikertzen. Ikertzaileen arabera, jarrera "errepikatua eta sistematikoa" izango litzateke, eta egitura antolatzailea izango luke abiapuntu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Politika Presoak ETA gaur Epaiketak bideoak Eguneko albisteak Albisteak