Politika -
Lehendakaritza
Garitano: 'Bileraren balorazioa ona baino ezin da izan'
Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du zergei buruzko "lehen hartu-emana" izan dela eta aldaketa posibleez hitz egin badute ere, lehendakariak eta biek ez dutela proposamen zehatzik jarri mahai gainean.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Patxi Lopez lehendakariarekin bildu ostean esan du batzarraren balorazioa "ona baino" ezin dela izan eta zergetan aldaketak egiteaz hitz egin badute ere proposamen zehatzik ez dela egon.
Garitanok adierazpen horiexek egin ditu lehendakariarekin bildu ondoren, Patxi Lopezek hiru ahaldun nagusiekin gaur abiatu duen bilera-sortaren baitan.
Bilera positiboa izan dela adierazi du eta lehendakariak ETAri buruzko eskaririk egin ote dion galdetuta, erakunde armatuari buruz ez dutela hitz egin erantzun du.
Bilduko ahaldun nagusiak azaldu duenez, gaurko bilera zergei buruzko "lehenengo hartu-emana" izan da eta zerga alorrean egin daitezkeen aldaketa posibleez hitz egin badute ere, lehendakariak eta biek ez dute proposamen zehatzik jarri mahai gainean.
Bilera-egutegi bat ezarri nahi dute abuztu amaiera baino lehen, irailean berriro biltzeko. Garitanok esan du horietan jarriko dituztela mahai gainean ekimen zehatzak.
Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du borondatea badagoela Bilduk programan zituen egitasmoekin lotuta jasotzen dituzten proposamenak aztertzeko.
Koalizio abertzaleak zerga sistema progresiboa eskatzen duela gogorarazi du, eta egungoa "oso eskuindarra" dela salatu.
Horren harira, Ondarearen gaineko Zerga aldatzea proposatzen dutela esan du, gehien dutenek gehiago ematea nahi dutelako.
Era berean, zerga-bilketaren bitartez lanpostuak sortzeko beharraz ere hitz egin omen dute.