Politika -
Lehendakaritza
De Andres akordioetara heltzeko prest dago, baina baldintzak jarrita
Lehendakariari esan dio ez datorrela bat zergak igotzearekin, horrek inbertsioak eta enpresak EAEtik Estatuko beste erkidego batzuetara joatea suposa dezakeelakoan.
Erredakzioa
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia fiskalitate gaietan akordio instituzionaletara heltzeko prest agertu da, baina betiere oinarriak ondoko bi hauek badira: enplegua sortzea eta enpresak beste erkidego batzuetara joatea ekiditea.
De Andresekin batzartuta, gaurko hiru diputatu nagusiekin deituta zuen bilera-sorta amaitutzat eman du lehendakariak. Bileraren ostean Arabako ahaldun nagusiak gogora ekarri du bere alderdiak mahai gainean jarri dituen proposamen fiskalak eta PSEk eta lehendakariak ezarri nahi dituztenak ezberdinak direla; izan ere, sozialistak zergak igotzearen aldekoak baitira. De Andresek ohartarazi du, zergak igota, inbertsioak eta enpresak zerga baxuagoak dituzten erkidegoetara joateko arriskua dagoela. Ondasun asko dituztenei gainerako herritarrei baino zerga altuagoak jarrita ere ondorio bere gerta daitekeela uste du.
"Negoziatzeko prest gaude eta akordioetara iristeko borondatea daukagu, baina betiere baldintzak enplegua sortzea eta enpresak kanpora joatea saihestea baldin badira. Enpresen eta norbanakoen oreka bermatu behar dugu", azaldu du. Sozietateen gaineko zerga aztertzeko beharrarekin bat etorri da, egungo krisi egoerara egokitzeko eta lanpostuak sortzeko asmoz. Horrez gain, EAEko administrazio guztien eginkizunak ondo markatu behar direla esan du, "baliabide publikoak eraginkortasunez erabili ahal izateko". Lehendakariak dokumentu batean bilduta eman dizkion proposamenak aztertuko dituela esan du. De Andresek, berriz, iruzur fiskalari aurre egiteko plan bat proposatu dio Patxi Lopezi.