Politika -
Gipuzkoa
PSE-EEk zuzenketa bidali du Lasarte-Oriako egoitzaren aurkako erasoaren inguruan
Orain, argitu du zabor jaurtiketa ez zutela Ibon Fernandez Iradi ETAko preso gaixoaren askatasuna aldarrikatzeko manifestazio batean egin. Sarek ere jakinarazi du ez duela zerikusirik gertakariarekin.
agencias | redacción
PSE-EEk atzera egin du sare sozialetan, eta argitu du atzo Lasarte-Oriako egoitzaren aurkako erasoa ez zela Ibon Fernandez Iradi ETAko preso gaixoaren askatasunaren aldeko manifestazio baten baitan gertatu. Zaldibarko zabortegiko istripuaren inguruko kudeaketa salatzeko protesta bat izan zen.
PSE-EEk atzo prentsa-oharra kaleratu zuen erasoa salatzeko, eta hedabideek eta albiste-agentziek jaso egin zuten. Gaur, ordea, zuzenketa etorri da, eta erasoaren gaitzespena berresten duen arren, ez du protestaren arrazoia zein zen adierazten.
Sozialistek salatu dutenez, manifestariek zabor poltsak jaurti zituzten PSE-EEren egoitzaren aurka. Era berean, "hiltzaileak" leloa zuten pegatinak itsatsi eta eraikinaren aurrealdea kolpatu omen zuten.
Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak bat egin zuen ekintzen gaitzespenarekin, eta "besarkada bat" bidali zien Lasarte-Oriako alderdikideei.
Sare euskal presoen eskubideen aldeko plataformak ere azalpenak eman nahi izan ditu. Hala, plataformak azpimarratu du gertakariak ez duela "zerikusirik" Fernandez Iradiren aurkako epaia salatzeko aldarrikapenekin.