Politika -

Ares-Camacho bilera

Gobernuak eta Jaurlaritzak kudeatuko dute Biktimen Memoriaren Zentroa

Camachok eta Aresek bien arteko lehen bilera instituzionala egin dute gaur Barne Ministerioan, Madrilen.

Camachok eta Aresek terrorismoaren aurkako politikari eutsiko diote

01:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Camacho Barne ministroak eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak Terrorismoaren Biktimen Memoriaren aldeko Zentroa izango denaren proiektua elkarrekin abiatzea erabaki dute gaur. Zentroak Euskadin izango du egoitza, eta bi administrazioek kudeatuko dute. Barne Ministerioa birmoldatu zenetik Camacho eta Aresek lehen bilera instituzionala egin dute gaur, Madrilen. Terrorismoaren aurkako borroka, krimen antolatua eta narkotrafikoaren egoera aztertzeaz gain, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko neurriak ere errepasatu dituzte. Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionalaren proiektuari buruzko ideiak eman dituzte biek, bileran; Diputatuen Kongresuak duela gutxi onetsitako biktimen aitorpenaren eta babesaren Lege Integralean begiratuta. Aresek adierazi duenez, bi gobernuek lankidetza protokolo bat sinatuko dute zentro hori non eraikiko duten, zein planifikazio izango duen eta nola kudeatuko den aztertzeko. Terrorismoaren biktimak "ohoratu eta gogoratzeko" balio izan behar du, eta batzuek "historia berriz idazteko" dituzten ahaleginei aurre egiteko, esan du. "Hau da modurik onena Euskadin pasatu dena gogoratzeko, berriro gerta ez dadin", nabarmendu du. Biktimak terrorismoaren aurkako borrokaren "bizkarrezurretako bat eta erreferente etiko nagusia" direla adierazi du Camachok.

ETAren ahulezia gorabehera, Estatuko Segurtasun Indarrek "presio eta arreta handia" mantenduko dutela gaineratu du, "taldea ez baita oraindik desagertu". "ETAri borroka irabazten ari gatzaizkio", adierazi du Camachok, eta orain bakea finkatu behar dela esan du, orain, indarkeria nagusi izan den hamarkada batzuk igaro ostean, inoiz baino gertuago dagoelakoan. Aresen iritzian, "sendotasun demokratikoak eta Segurtasun Indarren eraginkortasunak" eragin dute gaur egungo egoera,eta azken horiei zorionak eman dizkie egindako lanagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea