Politika -
Auzitegi Nazionala
Otegi absolbituta, 'Gatza'ren omenaldiaren auzian
Terrorismoa goratzeagatik zigortu zuten, baina Auzitegi Gorenak atzera bota zuen ebazpena epaileetako batek "aurreiritziekin" jokatu zuela iritzita.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Arnaldo Otegi Batasunaren bozeramaile ohia Jose Maria Sagardui Gatza ETAko kide ohiaren auzian. 2005ean presoaren aldeko omenaldi batean terrorismoa goratzeagatik zigortu zuten, baina Auzitegi Gorenak atzera bota zuen ebazpena epaileetako batek "aurreiritziekin" jokatu zuela iritzita.
Auzitegi Nazionaleko laugarren zigor aretoarentzat omenaldiaren bideoak gezurtatu egiten ditu akusazioaren hainbat froga, egunkarietan agertu ziren Otegiren hitzen transkripzioak, izan ere, lehentasuna ematen dio bideoari "objektibotasunagatik".
Era berean, Javier Gomez Bermudez, Carmen Paloma Gonzalez eta Nicolas Poveda epaileek, Otegi zigortu zuten epaileen ordezkoek, zalantzan jarri dute buruzagi abertzalearen hitzaldiaren helburua.
Gorenak ahozko saioa berriz egiteko agindu zuen. Plazaratutako epaiaren arabera, Angela Murillo epailea ez zen objektiboa izan. Murillok honakoa galdegin zion Otegiri: "Zuk gogor gaitzesten al duzu indarkeria?", eta Otegik erantzun zion: "Ez dut erantzungo". Orduan, epaileak esan zuen: "Oso ondo, banekien".
Omenaldian esan zituenak zein helburuarekin esan zituen eta, horrenbestez, terrorismoa goratu ote zuen jakiterik ez dagoela ebatzi du epaimahaiak eta, zalantzaren aurrean Otegi absolbitzea erabaki dute.
Epaileak epaian dioenez, akusazioaren idazkietan Otegik ekitaldian bota ez zituen hitzak agertzen ziren, geroago bideoa ikusterakoan bat ez zetozen hitzak, alegia.
Blanca Rodriguez fiskalak 18 hilabeteko espetxealdia eskatu zuen Otegirentzat, Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia elkarteek, ordea (herri-akusazioa), lau urte eta erdikoa eta bost urtekoa, hurrenez hurren, eskatu zuten.