Politika -
'Euskal Herria Bai'
Bildu edo EAJrekin orokorretan aurkeztea aztertzen ari da Aralar
Aralarrek urrian eztabaidatuko duen txostenean hainbat aukera agertzen dira Euskadin eta Nafarroan hauteskunde orokorretan aurkezteko.
Erredakzioa
Aralarrek datozen hauteskunde orokorretan koalizioan aurkeztekotan dauden aukerak aztertzea proposatu die alderdikideei, Nafarroa Bairekin, Bildurekin, baita EAJrekin ere, ohar baten bidez alderdiak jakinarazi duenez.
Alderdikideei igorritako txostenean, ''Etorkizuneko Ezker Abertzalearen taktika eta estrategia'' izenekoan, Aralarrek urrian egingo duen batzarrean eztabaidatzeko dauden zenbait proposamen jasotzen dira.
Nafarroari dagokionez, alderdi abertzaleak Nafarroa Bai eta Bildurekin egoteko aukera jasotzen du. Euskadin, aldiz, alderdikideei Bildurekin joateko aukera luzatzen die, beti ere "indar ekologista eta ezkertiarrekin" egin litezkeen itunei atea zabalik utzita.
Orokorretarako, Aralarrek ''Euskal Herria Bai'' izeneko koalizio bat egitea proposatu du, eta bertan indar abertzaleak batu, EAJ barne, "erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena oinarrian izanda".
Halaber, esan du datozen egunotan urrian egitekoa den batzarraren berri emango duela, bertan aztertuko dute aipatutako txostena.