Politika -
Larunbaterako daude deituta
ETAko presoen aldeko lau kontzentrazio debekatu dituzte Araban
Herrizaingo Sailak argudiatu duenez, kontzentrazioak eta udarako 'irteera operazioa' batera gertatuko ziren, eta hori, bide-segurtasunarentzat arrisku bat izango litzateke.
Erredakzioa
Herrizaingo Sailak larunbaterako (uztailak 30) Arabako errepide batzuetan ETAko presoen eskubideak aldarrikatzeko iragarrita zeuden lau kontzentrazio debekatu ditu, bide-segurtasuna arriskuan jarriko zutelakoan.
Herrizaingo Sailak ohar batean azaldu duenez, emakume batek, bere izenean, ondorengo leku hauetan kontzentrazioak egiteko baimena eskatu zuen: N-Ieko Lopidako gasolindegian; Agurainen, N-I errepide gaineko A-2128ko zubian; Asparrenako N-I gaineko A-3020 zubian; eta azkenik, A-4419 errepideko Larrazkuetako zubian, AP-8aren gainean, Urkabustaizen.
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, ETAko presoak Euskal Herrira ekartzea eta haien eskubideak bermatzea aldarrikatu nahi zuten deialdi horiekin.
Eskaera horren berri izan ostean, Segurtasun Sailburuordetzak kontzentrazioak debekatzea erabaki du, udarako "irteera operazioa"rekin batera izango zirelako, eta horrek arriskua eragingo zuelako bide-segurtasunean.
Halere, kontzentrazio horiek, aurretiko eskaerarekin, zirkulazioarentzat arriskurik ez dagoen lekuetan deituko balira, ekimenak aurrera eramateko baimena emango lukeela esan du Herrizango Sailak.