Politika -
Hauteskunde orokorrak
Zapaterok irailean erabakiko du hauteskundeak aurreratu edo ez
Espainiako gobernuburuak ukatu egin du ETAk behin betiko amaiera iragarri arte itxaroten egotea hauteskundeen data ezartzeko.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak udaren ostean erabakiko du hauteskunde orokorrak aurreratzea edo 2012ko martxoan mantentzea, Vocento taldeko egunkariek gaur jakinarazi dutenez.
Kongresuaren osoko bilkurak urte politikoaren azken bilera egingo du bihar, eta legegintzaldiko azkena izan liteke azkenean hauteskundeak aurreratuko balitu.
Azken egunetan, PSOEko hainbat buruzagi, Ramon Jauregui Presidentzia ministroa eta Javier Rojo Senatuko presidentea kasu, hauteskundeak aurreratzearen aurka agertu dira.
"Espainiari momentu honetan etor dakiokeen okerrena hauteskundeak aurreratzea da", esan du ministroak asteburu honetan Radio Euskadin.
EAJren iturriak aipatuta hainbat hedabidek atzo informatu zutenez, ETAk behin betiko amaiera iragarri arte itxaroten ari da Zapatero hauteskundeen data erabakitzeko. Hark, baina, guztiz ukatu zuen atzo hipotesi hori, eta "zientzia-fikzioa" dela gaineratu zuen.