Politika -
Biktimen Ponentzia
Ponentziak Gobernuaren eta biktimen ordezkariak hartuko ditu irailean
Ordubetez batzartu dira gaur Ponentzia horretako ordezkariak. PPren eta UpyDren legebiltzarkideak ez dira bilerara joan.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako agintariak eta biktimekin erlazionatutako elkarteak deituko ditu irailaren 14tik aurrera Eusko Legebiltzarreko gehiegikeria polizialen eta politika arloko biktimen Ponentzia berriak. Ordubetez batzartu dira gaur Ponentzia horretako ordezkariak. PPren eta UpyDren legebiltzarkideak ez dira bilerara joan, ETAren biktimak eta poliziaren indarkeria pairatu dutenak parekatzea ez dutelako begi onez ikusi.
Legebiltzarrak ohar batean jakinarazi duenez, gaurko bileran talde ezberdinek lan proposamenak egin dituzte eta zenbait elkarte deitzea adostu dute. Horrez gain, politika arloko biktimen inguruko ekimen zehatzak martxan jartzea ere erabaki dute.
Aurreneko agerraldia irailaren 14ean egingo dute. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko ordezkari bat izango da egun horretan. Terrorismoaren Biktimen Zuzendaritzak kudeatuko ditu politika arloko biktimen inguruko ekimenak.
Horrez gain, Legebiltzarrean adostutako akordioak betetzen diren kontrolatuko du Ponentziak: biktimei begira harreta unitate berri bat sortzea, biktimen egoerari buruzko txostena egitea edota neurri zehatzak martxan jartzea.
EAJk hainbat agerraldi eskatu ditu gaurko bileran: Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzako ordezkariak, biktma horien inguruan sortuko den unitate berriaren ordezkariak, UNESCO Etxea, Euskadiko Giza Eskubideen Elkarteen Foroa edota Argituz, Gernika Gogoratuz, Bakeaz, Bakeola, Lokarri, Baketik, Gesto por la Paz, Ahaztuak 1936, Lau Haizetara Gogoan, Martxoak 3 eta Amnistía Internacional elkarteetakoak, besteak beste.