Politika -

PPren mozioari alternatiba

ETAren indarkeria gaitzesteko mozioa onartu du Errenteriak

PPren moziorik ez dute bozkatu, izan ere, EAJk, PSEk eta EBk aurkeztutako testu alternatibo bat onartu dute. Bestalde, PPk aurkeztutako ekimena onartu dute Sestaon (Bizkaia).

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, PSEk eta EBk aurkeztutako mozioa onartu du gaur Errenteriako Udalak. PPk ere testua babestu du. Indarkeria ekintza politikorako eta helburu politikoak lortzeko tresna gisa erabiltzea gaitzesten du mozioak, ETAren indarkeria barne.

Onartutako testuaren edukiarekin "% 100ean" ados daudela adierazi du Julen Mendoza alkateak (Bildu), baina bozketan parte-hartzeari uko egin dio koalizioak. Mendozaren hitzetan, PPk EAEko erakunde guztietan aurkeztutako mozioek "ez dute gatazka gainditzeko borondaterik". "Eztabaiada hau Bildu udal askotan gobernatzen ari delako ematen ari da", erantsi du.

PPren ekimenak "ETAk egindako 857 hilketak" gaitzesten ditu, baina Errenterian ez dute bozkatu ere egin. Izan ere, EAJk, PSEk eta EBk aurkeztutako testu alternatibo bat onartu dute.

Mozioak ez ditu erasoak gaitzesten, ezta erakunde terroristaren deuseztapena eskatzen ere.

Bi puntu

Adierazpenak bi puntu ditu. Aurreneko puntuak "indarkeria ekintza politikorako eta helburu politikoak lortzeko tresna gisa erabiltzea" gaitzesten du.

Bigarren puntuan, "politikak indarkeriaren amaierari lagun" diezaiokeela eta "lagundu behar" diola esaten dute sinatzaileek. Horregatik, "Estatuko botereen eta indarkeria utzi nahi dutenen arteko elkarrizketa prozesuak" babesten dituzte, "beti ere beharrezko baldintzak ematen badira".

Bestalde, ETA gaitzesteko PPren ekimena onartu du gaur Sestaoko Udalak. PSEk eta PPk mozioari babesa eman diote. Bien bitartean, Bildu eta EAJ abstenitu egin dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea