Politika -
Urrian
Gasteizerako inbertitzaile bila joango dira Maroto eta Jaurlaritza
Arabako hiriburuko alkateak BAI Centerreko 25 milioiak "Gasteizerako benetan lehentasunezkoak diren proiektuetan" erabiltzeko eskatu dio lehendakariari gaur goizean izan duten bilera batean.
Erredakzioa
Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez, bilera horretan alkateak bere lehentasuna Gasteizera "lana sortuko duten ekimenak" ekartzea dela adierazi dio Lopezi. "Nire lehen ardura da; izan ere, 18.000 gasteiztar baino gehiago daude lanik gabe", azaldu du.
Inbertsio horien artean, Marotok ingurumenarekin lotutakoak aipatu ditu; batez ere, 2012an Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izango baita.
Horren harian, Marotok babesa eskatu dio lehendakariari, "gasteiztarrok gure erakundeen eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzaren babesa merezi dugulako".
Marotok azaldu duenez, Araban eta Gasteizen aberastasuna eragingo duten proiektuak topatzeko aukera izango dute urrian Jaurlaritzarekin, eta, "gainera, elkarrekin". Bidaia horretan, enpresari arabarrak ere izango dira.
Halaber, Arabako hiriburuko alkateak BAI Centerreko 25 milioiak "Gasteizerako benetan lehentasunezkoak diren proiektuetan" erabiltzeko eskatu dio lehendakariari.