Politika -
2012ko aurrekontuak
Hauteskundeen balizko aurrerapenak PSOE-EAJ negoziazioa atzeratu du
Emilio Olabarriaren arabera, Aurrekontu Orokorren negoziazioa aurreko urteetan baino "geldoago doa" eta momentuz kontaktu "informalak" baino ez direla izan azpimarratu du.
Erredakzioa
2012ko aurrekontuen negoziazioa ez omen da "aurreko urteetan bezain azkarra", esan du Emilio Olabarria Parlamentuko EAJko diputatuak. Bere ustez, horren arrazoia PSOE eta Zapatero "hauteskunde orokorrak aurreratzeko aukeran pentsatzen egotea" izan liteke.
Radio Vitorian egindako adierazpenetan, EAJ eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuaren arteko negoziazioak aurrekoetan baino "geldoago" doazela adierazi eta momentuz kontaktu "informalak" baino ez dituztela izan azpimarratu du.
Olabarriaren iritziz, momentu honetan, PSOEk "zeregin ugari ditu" eta "beharbada" aurrekontuen gaiari ezin izan dio oraindik heldu.
Bi aukera
Diputatu jeltzalearen hitzetan, "beste aukera bat ere badago, aurrekontuen onarpena oraindik aintzat hartu ez izana. Horrek agertoki bikoitza sortuko luke: egungo aurrekontuen luzapena edo PSOE hauteskunde orokorrak aurreratzeko aukeran pentsatzen egotea".
Azkenik, Olabarriaren arabera, hauteskunde orokorren balizko aurrerapenak ez luke eraginik izan behar Euskadirentzako eskumen berrien transferentzien negoziazioan.