Politika -
Dokumentazioa
Hauteskundeak aurreratzeko aukerak udaberrian hartu zuen indarra
Apirilean Zapaterok berrautaketari uko egin izanak eta sozialistek maiatzeko udal eta autonomi hauteskundeetan izandako porrotak Gobernuarenganako presioa areagotu zuten.
Erredakzioa
Aurtengo udaberritik eta Estatuko Aurrekontu Orokorrak azken unean onartu ostean hauteskunde orokorrak 2011ko udazkenera aurreratu zitezkeela zabaltzen hasi zen.
Normalean Zapaterorekin harreman estua zuten alderdiek, EAJk esaterako, hauteskunde orokorren aurrerapen bat izateko aukera handiak zeudela esaten hasi ziren.
Legealdi honi amaiera emateko presio gehien PPk egin du, batez ere maiatzeko hauteskundeetan lortutako garaipen zabalaren ondoren. Mariano Rajoyk Gobernuaren agonia aitzakiatzat hartu zuen behin eta berriro hauteskundeak aurreratzeko eskatzeko.
Zapaterok berrautaketari uko egin zion apirilean
Apirilean, eta azken urteetako murrizketa sozialik handienak onartu ondoren, Zapaterok berrautaketari uko egiten ziola iragarri zuen. Primarioetako borroka ezer ezean Carme Chaconek bere hautagaitza bertan behera utzi eta Alfredo Perez Rubalcaba hautagai ofizial izendatu zuten. Rubalcabak Gobernuko eginbeharrak utzi zituen uztailaren 8an.
Hauteskundeen aurrerapenak, gainera, Eusko Jaurlaritzari eman beharreko eskumenen auzia airean uzten du. Enplegu Politika Aktiboen eskumena iaz transferitu ondoren beste zenbait eskumenena ere adostuta dago. Legealdia bukarazteko erabakiak eragin zuzena izan dezake eskumenen auzian eta mahai mistoen eraketan.