Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
PSEren ustez, EAJk 'CPUa aldatu' behar du Miñano auziagatik
Rodriguezek estatutu berria sortzeko proposamena "Espainiari begira" egin izana egotzi dio Urkulluri, eta Euskadi "denon artean" eraikitzearen alde egin du.
Erredakzioa
Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzarkideak adierazi duenez, Miñano auzian gertatutakoa kontutan hartuta, EAJn, ez dago "birusaren aurkako ezer" pasatu beharrik, "CPUa aldatu" baizik. Gainera, Iñigo Urkullu jeltzaleak bere estatutu politikoaren proposamena "Espainiari begira" egin izana kritikatu du, "konponbidea hona begiratzea" eta Euskadi "guztion artean" eraikitzea denean.
Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batetan, sozialisten buruak gogorarazi duenez, "ustelkeria eta espioitza kasuan inplikaturiko guztiak EAJko kideak ziren", eta, gainera, "politikan ardura handia dutenek alfonbra gorria" jarri zietela azaldu du, Eusko Legebiltzarrean ikerketa komisioaren aurrean azaldu zirenean.
Rodriguezen arabera, "urte bat eta hiru hilabete geroago, auzi horren inguruan jakin dugun guztiarekin, ez dut uste birusaren aurkako ezer pasatu behar denik", Urkulluk esan bezala, baizik eta "CPUa aldatu" behar da.
Hauteskundeak
Euskal politikoak esan duenez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratzeko erabakia PSEk errespetatu eta babestu egiten du, orain, "lan egitea dagokigu" gaineratu du.
Halaber, hauteskunde orokorren ostean EAJk joka dezaketen paperak ez diola "batere" arduratzen adierazi du, eta alderdi nazionalistak Espainiako Gobernuan inplikatzea ona dela nabarmendu du.