Politika -

2000. urtean hil zuen ETAk

Elkarretaratze isil baten bidez gogoratu dute Joxe Mari Korta Zumaian

Bilduko ordezkariak ere izan dira ekitaldian. Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak begi onez hartu du urrats hori, baina Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia bertan egon ez izana kritikatu du.

Joxe Mari Korta omendu dute, ETAk hil zuela 11 urte igaro direnean

01:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontzentrazio isila egin dute gaur eguerdian Zumaian, Joxe Mari Korta Adegiko presidente izandakoa ETAk hil zuela 11 urte bete direnean. Ekitaldi xumea Korta enpresaren aurrean egin dute, ETAk enpresaburu gipuzkoarra hil zuen tokian, hain zuzen ere. Kortaren alarguna, bi semeak, senideak eta lagunak izan dira bere oroimenez eraikitako monolitoaren aurrean egindako kontzentrazio isilean.

Eusko Alkartasunak Gipuzkoako Diputazioan dituen ordezkariak, Enrique Martinez Alternatibako batzarkideak eta Zumaiako alkateordeak (ezker abertzaleko independentea) hartu dute parte ekitaldian. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia ez da bertan izan.

Pello Urizar EAko idazkari nagusia bere alderdiaren izenean joan da; Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuak eta Marina Bidasoro Gipuzkoako Diputazioko Giza-eskubide eta Memoria Historikoaren arduradunak (biak EAkoak), berriz, Bildu ordezkatu dute Kortaren omenaldian. Arritxu Gonzalez Zumaiako alkateordea eta ezker abertzaleko zinegotzi independentea ere bertan izan da.

Pello Urizarrek esan duenez, Bilduko zenbait ordezkari Kortaren omenaldian egon izana, "urrats txiki bat da, datozeen hilabeteetan jarraipena izango duen urratsa".

Era berean, ordezkari politiko eta pertsona ezagun ugari ere izan dira, besteak beste, ondoko hauek: Maixabel Lasa Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimen Bulegoko zuzendaria; Joseba Egibar EAJren GBBko presidentea; Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi izandakoa; Jose Maria Ruiz de Urxhuegui Adegiko idazkari nagusi ohia; Aintzane Ezenarro, Aralarreko legebiltzarkidea; Gorka Landaburu kazetari eta ETAren biktima; eta Javier Elzo soziologoa.

"Heriotza alferrikakoa eta bidegabea"

Hamabost minutuko iraupena izan duen kontzentrazio isila amaituta, Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko bozeramaileak, Jesus Mari Mujikak, hartu du hitza: "Ekitaldi honen helburua Joxe Mariren hilketa alferrikakoa eta bidegabea izan zela gogoratzean da". Ildo berean, "indarkeriak herri honentzat ezer onik ekarri ez" duela nabarmendu du.

Joxe Mari Kortaren izena daraman Fundazioak "bakearen eta justiziaren alde lanean" jarraituko duela esan du, "horretarako prest dauden guztiekin elkarlanean".

Bilduren parte-hartzea dela eta, Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioak begi onez hartu du urrats hori eta erabaki positiboa dela uste dute. Alabaina, Martin Garitano Gipuzkako ahaldun nagusia egon ez izana deitoratu du Mujikak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea