Politika -
Murrizketen negoziazioa
EAEko bizkartzain pribatuek lanuzteak egingo dituzte murrizketen aurka
Lanuzteak egingo dituzte abuztuaren 31tik irailaren 29ra arte Eusko Jaurlaritzak egin nahi dituen "murrizketa zorrotzei" irtenbide negoziatu bat bilatzeko.
Erredakzioa
CCOO eta CDI-F sindikatuek deitu dute EAEko kargu publikoak babesten dituzten bizkartzain pribatuen lanuzte deialdia, Efe albiste agentziari CCOO sindikatuak jakinarazi dionez. Ildo horretan, ELA deialditik aldendu dela eta UGT eta USO sindikatuen erantzunik jaso ez dutela adierazi du.
CCOO sindikatuaren arabera, lanuzteak 07:00 eta 11:00 artean egingo dituzte abuztuaren 31n eta iralaren 1, 8, 15, 22 eta 29an, Eusko Jaurlaritzak antza denez egin nahi dituen "murrizketa zorrotzei" irtenbide negoziatu bat bilatzeko.
Deialdia egin duten sindikatuek langileen % 50 eta 60 arteko ordezkaritza dute, CCOOren esanetan.
Halaber, mehatxatutako pertsonak arduragatik babesik gabe ez dituztela utziko esan dute, baina "lanuzte horiek beren eskubideen aldeko aldarrikapenen bozgorailua" izan daitezkeela esan dute.