Politika -

Rubalcabari erantzuna

Ezker abertzalea: 'Prozesua astiro badoa, Gobernuaren blokeoagatik da'

"Euskal gizarteak babestu eta aintzat hartu ditu eman ditugun urratsak, Rubalcabak onartu nahi ez arren", dio agiri batean. Gainera, "nahikotasun-ezaren diskurtsoa" uzteko eskatu die PSOE eta PPri.

Ezker abertzaleak 'Madrilgo Gobernuaren blokeoa' salatu du

00:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker abertzalean iritzian, "konponbiderako prozesu demokratikoa gizarteak exigitzen duen erritmora ez badoa, Madrilek azken hilabeteotan eta urteetan ezarri duen blokeoagatik da".

Horrela erantzun dio ezker abertzaleak Alfredo Perez Rubalcabak Radio Euskadiko elkarrizketa batean esandakoari. Espainiako Barne ministro ohiak adierazi duenez, "gauzak geldi ematen du, baina urratsa ETAk eman behar du armak utzita eta Bilduk armak uztea exijitu behar dio". Ezker abertzalearen arabera, Rubalcabak "arrazoiak eta ondorioak" nahastu ditu erantzukizuna Bilduren gainean utzita. Prozesua astiro joatearen arrazoi nagusia "Madrilek azken hilabeteotan eta urteetan ezarritako blokeo-egoera da". Espainiako Gobernuak, eta bereziki Rubalcabak,"ezker abertzaleak agertoki berri bat irekitzeko emandako urratsei ilegalizazioekin eta errepresioarekin erantzun diete", salatu dute agiri baten bidez. "Rubalcabak onartu nahi ez arren, euskal gizarteak aintzat hartu eta babestu egin ditu eman ditugun pausoak", azpimarratu dute. Amaitzeko, "inposizio eta boikot jarrerak utzi eta garai berrira egokitzeko" deia egin die ezker abertzaleak PSOEri eta PPri "jarrera eraikitzaileak hartuta".

"Nahikotasun-ezaren diskurtso hutsala alboratu eta ilegalizazioei eskubideen urraketa masiboari bukaera eman behar diote", erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea