Politika -
Espainiako Itzulia Euskadin
Esait, Bildu eta Aralarrek kontzentrazioak deitu dituzte Itzulirako
Mozioak aurkeztuko dituzte udaletan "inposizioa salatzeko", eta txirrindulariei "errespetu guztia" islatuko diete; ez dute "boikotik" egingo.
Erredakzioa
23 kolektibok- tartean Esait, Bildu eta Aralar- kontzentrazioak deitu dituzte irailerako, Espainiako Itzuliak Euskadin egingo dituen etapetan. Prentsaurrean azaldu dutenez, Itzuliari ez diote "boikotik" egingo, eta bertan parte hartuko duten txirrindulariei errespetu osoa diete.
Niko Moreno ezker abertzaleko kidea, EA alderdiko Jon Aritz Bengoetxea, eta Bai Euskal Herriari, Euskal Herrian Euskaraz, Anitzak, Gazte Abertzaleak, Ehne, Hiru, Gernika Batzorea, Bilgune Feminista eta Euskal Herria Kirola erakundeetako kideak izan dira, besteak beste, gaur emandako prentsaurrekoan. Bertan adierazi dutenez, "inposizioa" da Espainiako Itzulia hainbat urteren ostean Euskaditik igarotzea, eta "PP eta PSEren erabaki baten ondorioa"; "Normalizazio politikoa erakutsi nahi dute".
"Inposizioa" denez, Itzulia ez da "ongi etorria", "Euskal Herria ez baita Espainiako beste erkidego arrunt bat; nazioa da eta erantzun egingo dugu".
Martxel Toledo Esait taldeko bozeramaleak adierazi du bere mezua nahastu egin dutela, eta berak ez duela inoiz esan boikota egingo zaiola Itzuliari: "Ez dut inoiz 'boikot' hitza erabili".
Toledoren esanetan, Esaitek Unipublic Itzulia antolatzen duen enpresarekin bilera egin nahi izan du baina, antza, Eusko Jaurlaritzari egin behar omen zaio eskaera.
Esaiteko kideak argi utzi duenez, "errespetu osoa diote txirrindularitzari eta Itzulian parte hartuko duten txirrindulariei". "Txirrindularitzari bai esaten diogu, baina inposizioei ez, eta errespetu handia diego kirolariei", azaldu du Toledok.
Kontzentrazioak
Irailaren 9an eta 10ean kontzentrazioak antolatu dituzte erakundeek. 9an Kantabria eta Euskadiren mugan izango da zita 14:00etan, Las Muñecas izeneko mendatean. Gainera, etapa amaierarako beste kontzentrazio bat antolatu dute Bilbon, 16:00etan.
Irailaren 10eko lehen kontzentrazioa Bilbon izango da, 11:00etan. Etapa berri bati emango zaio hasiera une horretan. Bigarrena berriz, Gasteizen izango da, etapa amaieran (16:00).
Horrez gain, irailaren 3an ibilaldia antolatu da Gasteiz eta Bilbao artean, "Euskal pedalkadak" izenburupean.