Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Basagoiti: 'Izagirre eta Gomezen argazkiaren polemika puztu egin dute'
"Rajoyri ez diot utziko Zapaterok Patxi Lopezi egin diona egiten, hau da, lehendakaria saihestu eta EAJ euskal herritarren benetako ordezkari izendatzea", ohartarazi die jeltzaleei.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti Euskadiko PPko liderrak amaitutzat eman du Ramon Gomez Donostiako zinegotziaren eta Juan Carlos Izagirre alkatearen argazkiaren inguruko polemika. Basagoitiren hitzetan, PPko zinegotzia ez da "susmagarri bat" eta argazkiaren inguruko guztia "puztu egin da".
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, "Izagirre eta Bilduri kanpaina egiteko" inolako asmorik ez duela azpimarratu du PPko agintariak. Hala ere, bere ustez, ez da batere "bidezkoa" "Gomez eta bere egoeran dauden pertsonen bizitza, ibilbidea eta konpromisoa zalantzan jartzea". Basagoitiren hitzetan, "Gomezek eta beste askok bere bizitza eman dute 20 urte zituztenetik Euskadin bakean eta askatasunean bizi gaitezen".
Lehendakariari, abisua
Bestalde, PPko liderrak Patxi Lopez lehendakariari oharra egin dio, zergak igotzeko ideiari eustekotan "bakarrik geratzeko arriskuan" dagoela eta PP EAJrekin neurri fiskalak adosteko prest dagoela esanez.
Honen harian, "lehendakariak guztiei zergak igotzeko agertzen duen jarrera eragin kaltegarria dauka ekonomian; horretan oker dago. Mundu osoan huts egin duen kontzeptu ekonomikoa da".
EAJk ez du Euskadiko PP "saihestuko"
EAJri dagokionez, Rajoy Espainiako presidentea izatera helduko balitz, PP eta jeltzaleen arteko akordioek "Bilbo, Donostia eta Gasteiztik pasa beharko dutela", ohartarazi die.
"Rajoyri ez diot utziko Zapaterok Patxi Lopezi egin diona egiten, hau da, lehendakaria saihestu eta EAJ euskal herritarren benetako ordezkari izendatzea", azaldu du Basagoitik.