Politika -
Bilboko Aste Nagusia
Kaskagorrik antolatutako ekitaldiak debekatzea eskatu dute
Ostegun eta ostiralean presoen senideekin egingo diren bazkaria eta brindisa bertan behera uztea eskatu dio Dignidad y Justicia biktimen erakundeak fiskaltzari. Terrorismoa goresten omen dute.
Erredakzioa
Jesus Alonso Entzutegi Nazionaleko fiskalak Kaskagorri konpartsak Bilboko Aste Nagusian antolatutako ekitaldiak debekatzea eskatu du. Ekitaldi horiek ETAko kideak goresteko eta ondratzeko direla kontsideratu du Alonsok.
Fernando Andreu Entzutegi Nazionaleko epaileari bidalitako idatzi batean, fiskalak adierazi du konpartsak antolatutako bazkaria eta brindisa , "errepresaliatuak" omentzeko direnak, helburu bakarra du: "ETAko presoen eta ihes egin duten kideen ekintzak goraipatu". Ostegunean hartuko du erabakia Andreuk.
Alonsok gogoratu du Kaskagorri konpartsari Bilboko Udalak ez diela txosna jartzen uzten, 2009an presoen argazkiak erakutsi zituztenetik.
Dignidad y Justicia biktimen erakundeak eskatu omen dio fiskaltzari ostegun eta ostiralean presoen senideekin egingo diren bazkaria eta brindisa bertan behera uztea, terrorismoa goresten omen dutelako.
Erakundeak azaldu duenez, 2005. urtetik urtero antolatzen ditu Kaskagorrik ekitaldi horiek, eta ETAren ekintzak goraipatzeko egiten dira. Dignidad y Justicia-ren ustez, delitua da hori, eta ekitaldiak debekatu egin beharko lirateke.