Politika -
Urte politikoaren hasiera
EA: 'Bilduk ez du bakea oztopatu dutenengandik exijentziarik onartuko'
Pello Urizarrek esan du ETAk asko egin behar duela oraindik bake-prozesuaren barnean, baina Pariseko eta Madrilgo gobernuek ere ardura handia dutela azpimarratu du.
Erredakzioa
Pello Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari nagusiak esan du Bilduk ez duela bakea oztopatzen dutenengandik interpelaziorik, kexarik ala exijentziarik onartuko. Urte politikoari hasiera eman dion ekitaldian, Urizarrek zehaztu du ETAk asko egin behar duela oraindik bake-prozesuaren barnean, baina Pariseko eta Madrilgo gobernuek ere ardura handia dutela.
Urizarrek Bilduk egindako lana nabarmendu nahi izan du; bere ustez, koalizioak zuzentzen dituen erakundeen lana "serioa" eta "gizartearen nahietara egokitua" izan da: "Harro egon ahal gara -esan du-, eraso guztiek eta eztabaida artifizialek ondo ari garela egiten erakusten dutelako. Gure kontra daudenek ondo baino hobeto ezagutzen dute nolako indarra duen abertzaleok elkarrekin egoteak".
Eusko Alkartasunaren buruzagiaren esanetan, bake-prozesua ez dagokio ETAri bakarrik, Espainiako eta Frantziako gobernuek ere ardura bat dutelako, "eta, orain arte, ez dute erantzunkizun hori euren gain hartu". Urizarrek aipatu duenez, Gobernu espainiarrak, PPk eta PSOEk antzeko ibilbidea izan dute prozesu horretan: hasiera batean ukatu zuten prozesurik egotea, eta, ondoren, gero eta gorago jarri dute exijentzia-maila. "Edozein biolentziatik urruneko bide politikoen aldeko konpromiso bat ez da nahikoa haientzat, ezta indarkeriaren amaiera exijitzea ere", azpimarratu du. Urizarren ustez, PPk eta PSOEk "hedabideetan polemika artifizial bat sortu nahi dute Bilduk zerbait esaten duen bakoitzean".
Pello Urizarrek azpimarratu du EAk behin betiko bake baten alde lan egiten jarraituko duela, guztiontzako bake baten alde; horretan, euskal gizarteak bere burua ikusiko du islatuta, eta bakean bizitzeko nahiari emango dio erantzuna, "behingoz eta betiko Euskadin tenkatu eta mina eragin duten biolentzia guztiak baztertzeko".