Politika -

Barne Ministerioa

Marlaskak kargutik kendu du Madrilgo Guardia Zibilaren burua, konfiantza galtzeagatik

Guardia Zibilak Espainiako Gobernuaren ordezkaria eta Fernando Simon Osasun Larrialdietarako zuzendaria M8ko mobilizazioa baimentzeagatik ikertu dituela jakin ostean iritsi da kargugabetzea.

Diego Perez de los Cobos. Irudia: EFE
Diego Perez de los Cobos
Diego Perez de los Cobos. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak kargutik kendu du Diego Lopez de los Cobos Madrilgo Guardia Zibilaren buruzagia, "konfiantza galera" argudiatuta.

Madrilgo epaitegi bat Jose Manuel Franco Espainiako Gobernuak lurralde horretan duen ordezkaria ikertzen ari da, hainbat koronabirus kasu detektatu arren, Martxoaren 8ko mobilizazioak baimendu zituelako.

Espainiako komunikabide batek gaur goizean zabaldu duenez, Guardia Zibilak Jose Manuel Franco eta Fernando Simon Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroko zuzendaria ikertu ditu eta txostena epaitegiaren esku utzi du. Guardia Zibilaren arabera, Madrilen M8ko manifestazioa egin baino hiru egun lehenago jakin zuen Simonek COVID-19aren krisia larria izango zela.

"Hala ere, ez zuen inolako neurririk hartu mobilizazio jendetsu hori eta asteburu horretan izan ziren beste asko, tartean Voxek Vistalegren egindako biltzarra -9.000 pertsona bildu ziren- edota 60.000 ikuslerekin Wanda Metropolitano futbol zelaian egindako partida  saihesteko", dio txostenak.

Dokumentu hori publiko egin eta ordu batzuk geroago, Marlaskak kargutik kendu De los Cobos koronela, harengan konfiantza galdu duela argudiatuta, baina konfiantza galera hori zerk eragin duen argitu gabe.

Erabaki horrek zalaparta sortu du eta Alderdi Popularrak, Voxek eta Ciudadanosek Marlaskaren agerraldia eskatu dute Kongresuan azalpenak eman ditzan. Pablo Casadok esan du "Guardia Zibilaren kontrako erasoa" dela kargugabetzea.

Guardia Zibilaren elkarteek ere gogor kritikatu dute Marlaska eta "despota" baten antzera jokatu duela salatu dute.

Euskadin izan zen, Guardia Zibileko agente gisa

Diego Perez de los Cobos Murtzian jaio zen, 1964an. Familia kontserbadorea du. Aita, Antonio Perez de los Cobos, frankismoaren osteko lehen hauteskundeetan hautagai aurkeztu zen, Diputatuen Kongresurako, Fuerza Nueva alderdiaren alderik; anaia, Francisco Perez de los Cobos, PP kide bera, Auzitegi Konstituzionaleko presidente egon zen, 2011tik 2017ra arte.

Guardia Zibileko agente gisa, Euskadin lan egin zuen. Beste bost agenterekin, epaitu zuten, Kepa Urra ETAko kideari ustez torturak eragiteagatik. Urra ospitaleratuta zegoela tratu txarrak eragitea egozten zioten; errugabetu zuten. Jose Antonio Ortega Lara bahituta egon zen industrialdearen miaketan ere hartu zuen parte, Arrasaten.

2006an, Espainiako Barne Ministerioko aholkulari hasi zen lanean; garai hartan Alfredo Perez Rubalcabak zuzentzen zuen Ministerio hori. 2011n, Koordinazio eta Ikerketen Bulegoko zuzendari izendatu zuten; Estatuko Segurtasun Idazkaritzaren mendekoa da Bulego hori.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril