Politika -

Gobernu-bilera

Eusko Jaurlaritzak Udal Legea onartuko du gaur

Lehendakariak eta sailburuek bilera egingo dute Donostiako Miramar Jauregian lanurte berriari hasiera emateko eta lege proiektua izango da gai nagusia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak gaur egingo du lanurte politiko berriko lehen gobernu-bilera. Ohi bezala, Donostiako Miramar Jauregian izango da eta zeresan ugari eman duen lege proiektua onartuko du: Udal Legea. Legeak Udalen eskumenak eta finantziazioa zehaztu nahi ditu, udalei autonomía maila handiagoa emateko.

Udal Legearen proiektua urteetan egon da presente Jaurlaritza ezberdinetan, baina bidean geratu izan da. Hori horrela, Patxi Lopez lehendakariak esan du zor historikoa dela eta eztabaida zintzoa eta irekia egitea eskatu die talde parlamentarioei, Legebiltzarraren onespena ere behar baitu egitasmoak aurrera egiteko. PNVk eta PPk mesfidantza eta zalantzak agertu dituzte orain arte.

Udal Legeak orain baino autonomia eta finantziazio maila handiagoa eman nahi die udalei, eta puntu nagusi moduan proposatzen du, diputazioek eta Eusko Jaurlaritzak ez ezik, Finantzen Euskal Kontseiluan udalek ere parte hartzea. Erakunde horretatik egiten da euskal ogasunek bildutako diruaren banaketa. EUDELek proposatutako 3 ordezkarirekin udalek ere bertan parte hartzea proposatzen du Udal Legeak, Lurralde Historikoen Legea aldatuz.

10:30 aldera, Donostiako Miramarren, Eusko Jaurlaritzak lanurteko lehenengo gobernu-bilera egingo du, eta eguerdian Patxi Lopez lehendakariak agerraldia egingo du hedabideen aurrean Jaurlaritzak onartutakoaren berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea