Politika -
Konstituzioaren erreforma
PSE-EEko bi senatarik errefusatu egingo dute erreforma
Imanol Zubero eta Roberto Lertxundi sozialistak ez daude ados erreformaren mamiarekin, ezta onartzeko erabilitako moduekin ere.
Erredakzioa
Imanol Zubero eta Roberto Lertxundi PSE-EEko senatariek errefusatu egingo dute PSOEk eta PPk, defizita kontrolatzea helburu, adostutako erreforma konstituzionala.
Bi senatariek atzo jakinarazi zioten erabakia Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren presidentegaiari, Talde Sozialistak egindako bileran.
Batzarraren ostean, Zuberok azaldu zuen ez dagoela ados erreformaren mamiarekin, ezta erreforma gauzatzeko erakutsitako "presekin" ere.
Bizkaiko senatariaren esanetan, Konstituzioan Aurrekontuen oreka aipatzea ez da lagungarri izango merkatuetan konfiantza sustatzeko, eta, beraz, defizit publikoa kontrolatzeko eta beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko neurriak eskatu ditu.
Roberto Lertxundi ere iritzi berekoa da. Ibilbide politiko luzeko politikaria da. Aldez aurretik, Alderdi Komunistan eta Euskadiko Ezkerran aritu zen.