Politika -
Rodolfo Aresen iragarpena
Ertzaintza berrantolatuko dute egoera politiko berriarengatik
Ertzaintzaren bizkartzainek kontrazaintza lana egingo dute ETAk eta indarkeria matxistak mehatxatutakoekin.
Erredakzioa
Lagungo Unitateko 155 ertzainen "gehiengoak", hau da, ETAren mehatxupean daudenen bizkartzain lanetan diharduten ertzainek, arrisku terroristapean daudenen eta indarkeria matxistaren biktimen kontrazaintza egingo dute, Rodolfo Ares, Herrizaingo Sailburuak gaur iragarri duenez. "Beharrezkoa dela uste dugun bitartean" ertzain horien babesa zuten pertsonek "eta behar dutenek" bizkartzain pribatuak eta beste baliabide batzuk izango dituzte.
Neurria indarkeria matxista jasaten duten biktimen babesaren "berrantolaketaren" eta Ertzaintzaren "doitze eta modernizazio" neurrien barnean dagoela adierazi du Aresek prentsaurrekoan. "Arrisku analisien eta Ertzaintzaren txosten teknikoen" arabera pertsonen babes zerbitzuak "egokitzen" joango direla azpimarratu du Aresek.
Eusko Jaurlaritzak kontrazaintza neurriak indartu nahi ditu, bai ETAren mehatxupean daudenentzat, baita indarkeria matxista jasaten dutenentzat ere. Zentzu honetan, joan den urtearen bukaeran indarkeria matxistagatik "arrisku egoeran" zeuden emakume guztiei bizkartzainak eskaini zizkietela adierazi du Aresek. Herrizaingo Sailaren datuen arabera, 2010eko abenduaren 31n 19 emakumek zuten bizkartzain zerbitzua, eta une honetan 52 dira. Igoera honek "kezka handia" sortu du, "indarkeria matxistaren zamarekin jarraitzen dugulako eta desagerrarazi behar delako".
"Uda historikoa"
Uda honetan "kale borroka"ko bost eraso besterik ez direla egon esan du Aresek; horietako bat bera ere ez dute larritzat hartu, gainera. Uztailean eta abuztuan soilik bost eraso izan dira, lehengo urtean berriz 35 izan ziren.
Bost ekintza horietan barrikadak jarri, kontainerrak erre eta hiri-altzariak hondatu zituzten.
Euskadiko herri eta hirietako festen balantzea egin du prentsaurrekoan Aresek -azken jaiak, Bilbokoak, igande honetan bukatu dira- eta "historikotzat" jo ditu festa hauek guztiak "kale borrokako" ekintzarik izan.
Ekintza horiek egiten dituztenek atxilotuta izango direla eta Justiziaren aurretik pasa beharko dutela barneratu izanari egotzi dio "kale borroka" "desagertuta egote hori". "Gelditzen zaien bide bakarra, legedia betetzea barneratu dute", dio Aresek. Horregatik, ekintza horiek desagertzea "ez da mundu horretakoek egindako oparia ezta merezimendua ere".
Herrizaingo Sailaren datuen arabera, 2009ko uztailean eta abuztuan "kale borroka"ko 53 eraso izan ziren, horietako hamar larriak; 2010eko tarte berean 35 izan zien, bost larriak; eta uda honetan zenbatekoa bostera jaitsi da, eta ez da ekintza larririk egon.
Festetan ezker abertzaleak deituriko manifestazio eta ekitaldietan istilurik egon ez dela azpimarratu du sailburuak, eta ekitaldi hauek deitu dituztenek "Justiziarekin eta Barne Sailak jarritako ibilbide aldaketekin" bat etorri direla esan du.
Kartelak jartzearen eta pintadak egitearen inguruan (ETAren presoak hurbiltzearen aldekoak gehienak), Aresek esan du geroz eta gutxiago direla, "nahiz eta gutxiengo batek terrorismoa goraipatzeko ekintzak bultzatzen jarraitzen duen".
Aurtengo uztailean eta abuztuan, Ertzaintzak % 12,2 irtenaldi gutxiago egin ditu kartel hauek kentzeko, 2010 urtearekin alderatuta; eta % 50 gutxiago 2009 urtearekin alderatuta.
2011ko lehen zortzi hilabeteetan, 2010arekin alderatuta % 29,4 jaitsi dira jarduera polizial hauek, eta 2009arekin alderatuta % 37.
Bilduri buruz ere hitz egin du Rodolfo Ares, Herrizaingo sailburuak. Kale borroka "gaitzesteko" eskatu dio. Era berean, ETAk "traba" egiten duela pentsatzen duen oro "desagerpena lortzeko lan egitera" bultzatu du.
ETAko presoak hurbiltzearen aldarrikapenari buruz ere mintzatu da, eta hori aldarrikatzen dutenei "dagozkien espetxeko onurak hartzea ekidin beharrean, bide hori hartzeko" esatea eskatu die. "Espetxe politikak legalitatearekin bat egiten du eta terrorismoaren kontrako politikaren parte da; ETAko presoak ez dira politikoak, ezta heriak ere".
Aresen ustez, terrorismoaren aurkako politikak, irmotasun demokratikoak, tolerantziarik ezak eta poliziaren ekintzak dira jarri dute herri hau bake eta bizikidetzaren bidean.