Politika -

EAJko BBBko presidentea

Ortuzar: 'Ezker abertzaleak ETA behartu behar du urratsak ematera'

Buruzagi jeltzalearen aburuz, "demokraziaren aldeko apustuan ezker abertzaleak urrats gehiago eman beharko ditu, Estatua mugitu ala ez".

Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidentea. Argazkia: EFE
Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidentea. Argazkia: EFE
Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidentea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidenteak adierazi duenez, "demokraziaren aldeko apustuan ezker abertzaleak urrats gehiago eman beharko ditu, Estatua mugitu ala ez" eta gainera, "urratsak ematera ETA behartu behar du ".

Ortuzarrek gogoratu duenez, EAJ Sortu legeztatzearen eta kartzeletako politika "malguago eta gizatiarrago" baten alde dago baina ezker abertzaleari ohartarazi dionez, "ezin da egon besteak aurrerapauso noiz emango dituzten zain, horrek ere gero emateko".

Buruzagi jeltzalearen iritzian, ezker abertzaleak "prozesua aldebakarrekoa" zela adierazi zuen eta ondorioz, "kontsekuente behar du izan, Madrilen gertatzen dena eta Estatuko organuek esaten dutena gorabehera".

Ortuzarren esanetan, ezker abertzaleak "normaltasuna zor dio ez Estatuari, euskal herritarrei baizik; urratsak eman behar ditu eta hori egitera ere behartu beharko du ETA, ez Madril mugiarazteko baizik eta euskal herritarrok eskatzen diogulako".

"Legeztatzearen eta presoen hurbilketaren alde egonda, bata bestearekin ez lotzea eskatzen diogu ezker abertzaleari, hau da, ausarta izan dezala, ETAren aurrean ausarta izan dezala", azpimarratu du.

Autodeterminazioaren aldeko EAJren zuzenketa onartu ez izana deitoratu du Ortuzarrek. Honen esanetan, "duela 30 urteetatik pendiente dagoen eztabaida isiltzeko erabaki arbitrario bat izan da", Estatuen nazionalitateei aipamena eginez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea