Politika -

Hauteskunde orokorrak

Urizar: 'Aralarrekin, Bilduk itxaropena piztuko du gizartean'

EAk alderdiaren jaiotzaren 25. urteurrena ospatu du igande honetan, eta Urizarren esanetan, sortze balioak betetzen ari dira.

Pello Urizar, EAren 25. urteurrenaren ekimena baino lehen (Argazkia: EFE)
Pello Urizar, EAren 25. urteurrenaren ekimena baino lehen (Argazkia: EFE)
Begi onez ikusi du EAk Aralar Bildurekin hauteskundeetara joateko erabakia

00:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAko idazkari nagusiak, Pello Urizarrek, aintzat hartu du Aralarrek azaroko hauteskunde orokorretan Bildurekin batera aurkeztea. Bere iritziaren arabera, "euskal gizartearen zati handi batean itxaropena piztuko dute", eta maiatzean bezala, jendearen babesa lortuko dute.

Urizar komunikabideen aurrean azaldu da Eusko Alkartasunaren Gasteizeko egoitzan, alderdiaren jaiotzaren 25.urteurrena ospatzeko egin duten ekimena baino lehen.

"Herri bezala" proiektu bat aurkezteko abertzale guztien indarrak elkartzea defendatu du EAko idazkari orokorrak. Eta adierazi duenez, EAJren zain daude; A-20ko hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko gonbidapenari ofizialki erantzutearen zain.

"Gehitzea positiboa da eta udal eta foru hauteskundeetan gizartean itxaropena piztu eta bere laguntza lortu genuen bezala, orain berdina gertatuko da. Hori positiboa da Euskal Herriaren etorkizuna bilakatzeko eta Euskal Herriko apustu soberanistarako", azpimarratu du Urizarrek.

EAren 25. urteurrenari dagokionez, Eusko Alkartasunaren sortze balioak betetzen ari direla adierazi du. Horietako bat, "Europan Estatu baten oinarriak sortzeko abertzale guztiak elkarlanean izatea" da, eta uste duenaren arabera, ahalik eta lasterren "indarkeria iraganeko gauza dela" esan ahal izango dugu.

ETAk orain dela urtebete iragarri zuen "erasotzeko ekintza armatuak" utziko zituela, eta horren inguruan galdetu diote kazetariek. Urizarrek gogorarazi duenez, Gernikako akordioaren arabera, ETAk "pauso gehiago" eman beharko ditu, baina "gainontzeko agente politiko, sozial eta intituzionalek ere ahalegin horretan lagundu beharko dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea