Politika -
Pastorri elkarrizketa ETB2n
Biolentziaren zikloa bukatzeko azken pausoa falta da, Pastorren ustez
Hauteskunde orokorrak eta politika orokorreko eztabaida dira agenda politikoaren ardatzak.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSEren exekutibaren bozeramailea elkarrizketatu dute gaur "Egun On Euskadi" saioan eta ETAk su-etena iragarri zuenetik urte bat igaro ostean, "gaur, mahai gainean, behin betiko desagerpenaren komunikatua" izatea gustatuko litzaiokeela adierazi du.
"Entzutea gustatuko litzaigukeen zerbait ere ez dugu oraindik entzun", esan du Pastorrek. " Nahiz eta beraiek gurutzaldi-abiaduran doazela esan, egun Bildu koalizioaren bidez legeztatua dagoen ezker abertzalea ez doa, gai batzuetan, abiadura horretan, ETAri desagertzeko eskakizuna egiteko, eta biktimengana gerturatzeko orduan, adibidez".
"Hala ere, begirada atzera botaz gero, nabaria da hobeto gaudela, baina azken pausoa falta da behingoz Euskadin biolentziaren zikloa amaitzeko".
Konstituzioaren erreformari buruz ere mintzatu da Pastor. "Euskadiko eta Kataluniako nazionalisten jarreran antzerki asko" dagoela esan du. "Aurrekontuen egonkortasunerako irizpidea jarri nahi da mahai gainean, hamar urterako, hiruhilabetero gainbegiratuko duen lege organiko batekin. Maastrichteko Itunean jada adostu zenaren antzekoa, baita Lisboako Hitzarmenean ere, eta bi alderdi horiek Diputatuen Kongresuan aurrekontuen egonkortasunaren legea onartu zutenean" egin zenaren antzekoa. "Zer gertatzen da orain?" galdetu du Pastorrek; "hauteskunde orokorrak iristeko hilabete eta erdi besterik ez dela falta, eta denek Gobernuarekin distantzia jarri nahi dutela"."Irudi hobea litzateke alderdi guztiek proposamena sinatzea" esan du Pastorrek, eta "CiUren eta EAJren oniritzia lortzea hobea litzateke", baina "hauteskundeek gai honetan ere politika markatzen dute" gaineratu du.