Politika -
Elkarrizketa
Lehendakariak 'egoerak eskatzen duen maila' eskatu du, bakea lortzeko
Patxi Lopezen hitzetan, ETAren inguruan inoiz ez da halako egoerarik izan; hori dela eta, Legebiltzarreko taldeei alderdikeria baztertzeko eskatu die, bakea lortzeko.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak adierazi duenez, legealdi honetan bere erronketako bat "bakea lortzea”eta ETAren terrorismoa amaitzea da, baina Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeei "neurria emateko" eskatu die, gai honi buruzko "liskar alderdikoirik ez sortzeko".
Alberdi sozialistaren azken buletinean argitaratutako elkarrizketan, Lopezek ETAren terrorismoaren amaiera "memoriatik abiatuta" egin behar dela esan du; "orain arte lortutakoan atzerapausorik eman gabe, baina etorkizuneko ikuspegiarekin".
ETAri dagokionez, lehendakariaren ustez, egoera "berria" da, taldea "esparru operatiboan inoizko unerik ahulenean" eta "inoiz baino babes sozial gutxiagorekin" baitago.
Egoera hau "irmotasun demokratikoak", Poliziaren lanak eta “Justiziaren errespetu arduratsuak" ekarri dutela azaldu du Lopezek.
"Lehen indarkeria babesten zuten eremu politikoek lehenengoz errespetatu behar izan dituzten joko arauak dira", nabarmendu du.
Lehendakariak iragarri duenez, datorren irailaren 29an Bake eta Elkarbizitza planaren nondik norakoak aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarrean.
Ildo horretan, "egoerak eskatzen duen mailari eusteko" eskatu die Legebiltzarreko taldeei, "alderdien arteko borroka" saihesteko; halaber, Euskadin "benetako bakea eta askatasuna" lortzeko ekarpenak egiteko eskatu die.