Politika -

Elkarrizketa ETBn

PPk ituna eskaini du erakunde publikoak eta mankomunitateak murrizteko

PPren EAEko presidenteak EAJri eta PSEri zuzendu die proposamena, 600 milioi euroko gastua duten 78 "erakunde, partzuergo eta mankomunitateak" beste era batera egituratzeko.

Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentea, elkarrizketan. Argazkia: EITB
Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentea, elkarrizketan.
Basagoitik gastuen murrizketa adostea proposatu dio PNVri eta PSEri

00:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak proposamena helarazi die EAJri eta PSEri Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 600 milioi euroko gastua duten 78 "erakunde, partzuergo eta mankomunitateak" murrizteko, eta diru hori Hezkuntzara eta Osasunera bideratzeko.

ETBren Egunon Euskadi saioan egin dioten elkarrizketa batean, Basagoitik PSOEk eta PPk adostutako Konstituzioaren erreforma babestu du ekonomikoki "lasaitasuna" emango duelakoan.

Basagoitiren arabera, "formula hori jarraitu behar dugu, elkar ulertzearena", egoera ekonomikoari aurre egiteko. Hori horrela, EAEn dauden "erakunde, partzuergo eta mankomunitateak" murriztea eskaini die. Horietan "3.000 pertsona inguruk" lan egiten dute eta "ordenatu eta erreformatu" beharra daudela uste du buruzagi popularrak.

Erakundeen izenak zehaztu ez baditu ere, Basagoitik "uren partzuergoak batzea" eta ETBrekin batera jardungo lukeen tokiko telebisten elkarte bat sortzea proposatu du.

Zerga-politikari dagokionez, Basagoitik esan du PP EAJrengandik gertuago dagoela gai horretan akordioa lortzeko PSErengandik baino.

Hauteskunde orokorren harira, Basagoitik Jaurlaritzako itunari eutsiko diotela hitz eman du, Patxi Lopez lehendakariak "esandakoa betetzen badu" beti ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea