Politika -

EAEtik igaroko da

Bilduk eta Aralarrek ez dute Espainiako Vuelta 'boikotatuko'

"Erantzukizunez eta errespetuz" jokatuko dutela esan dute gaur. "Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatuko dugu", gaineratu dute.

Bilduk hainbat protesta egingo ditu Espainiako Itzulia dela eta

01:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAk, Alternatibak, Ezker Abertzaleak eta Aralarrek ez dute Espainiako Vuelta "boikotatuko" euskal errepideetatik igarotzen denean. "Erantzukizunez eta errespetuz" jokatuko dutela esan dute gaur. "Euskal Herria nazio bat dela aldarrikatuko dugu", gaineratu dute.

Agerraldia egin dute Bilbon lau alderdietako hainbat ordezkarik: EAko Joseba Gezuraga eta Helena Gartzia, Alternatibako Oskar Matute, Ezker Abertzaleko Tasio Erkizia eta Miren Legorburu eta Aralarreko Jon Iñarritu izan dira.

Euskaraz eta gazteleraz idatzitako testua irakurri egin dute. Espainiako Vuelta "Euskadira ekartzea" PPk eta PSEk diseinatutako estrategian kokatu dute, "Euskal Herria Espainiaren barruan dagoela azpimarratzeko estrategia".

Lau alderdien ustez, "erabaki politiko" bat da Espainiako Vuelta euskal errepideetara ekartzea, "kirola erabiliz eta gure herria espainoldu nahian"

Horregatik, Espainiako Vueltak "harrera txarra" izango duela aurreratu dute. "Euskal nortasuna zapuztea eta Espainiatik datorrena indartzea PPren eta PSEren obsesio bihurtu dira".

Horrez gain, EAk, Alternatibak, Ezker Abertzaleak eta Aralarrek hainbat elkarretaratze egitea adostu dute eragile sozial eta kirol taldeekin. Ostiralean, arratsaldeko 14:00etan, protesta egingo dute Ilsoganako mendatean, Kantabria eta Bizkaia arteko mugan. Arratsaldeko 16:00etan Bilbon, etapa amaieran, bigarren elkarretaratze bat egingo dute. Larunbatean, goizeko 11:00etan, Bilbon hirugarren protesta bat izango da, eta Gasteizen, etapa bukaeran, arratsaldeko 16:00etan errepikatu egingo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea