Politika -
Auzitegi Nazionala
Leitzako alkateak dio ez zituela ikusi ETAko presoen aldeko ekitaldiak
Oier Eizmendik Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko du ostegun honetan, terrorismoa goratzea egotzita.
Erredakzioa
Oier Eizmendi Leitzako alkateak (Bildu) adierazi du jaietako txupinazoaren egunean ez zituela ikusi ETAko presoen alde egin zituzten ekitaldiak.
Eizmendik Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko du ostegun honetan, terrorismoa goratzea egotzita.
Abuztuaren 10ean, Leitzako jaien hasieran, bost kaputxadunek ETAko presoak hurbiltzearen aldeko kartelak erakutsi zituzten Udaletxeko plazan.
Nolanahi ere, alkateari babesa agertzeko prentsaurreko batean, Bilduk azaldu du Eizmendi ez dutela horregatik auzipetu, baizik eta presoen omenez jaietako programan zeuden bi ekitaldigatik. Bi ekitaldi horietan, gainera, ez zela Udalaren ordezkaririk egon gaineratu dute. Eizmendirekin batera, txupinazoaren egunean Jone Lozano ETAko presoaren argazkiak zeramatzaten bi pertsonak ere deklaratuko dute.
Halaber, presoen aldeko ekitaldiak aspalditik daudela jaietan azaldu du Bilduk. "Ez da inoiz arazorik egon" eta gainerako alderdiek ez zuten eskatu kentzeko, zehaztu du.