Politika -
Bateragune auzia
Gipuzkoako PSEk 'errealitate soziala' kontuan hartzeko eskatu dio ANri
Gipuzkoako sozialistek zuzenketa bat erroldatu dute Batzar Nagusietan, eta, horretan, Otegi absolbitu beharra dagoela iradokitzen dute.
Erredakzioa
Gipuzkoako PSE-EEk zuzenketa bat aurkeztu du Batzar Nagusietan, Auzitegi Nazionalari Bateragune auziko epaia "lehenbailehen" emateko eta "errealitate soziala" kontuan hartzeko eskatzeko, Diario Vasco egunkariak jakinarazi duenez.
Argi eta garbi esaten ez badu ere, proposamenak Arnaldo Otegi absolbitzea iradokitzen du. Izan ere, "errealitate soziala", hots, azken bi urteetan ezker abertzalea indarkeriatik aldendu dela, kontuan hartzeko eskatzen die epaileei.
Arnaldo Otegi Batasuna berriz osatzen saiatzea epaitu dute Bateragune auzian, eta Fiskaltzak 10 urteko espetxe zigorra eskatu du.
PSE-EEren ekimena Aralarren proposamen baten aurrean aurkeztutako zuzenketa bat da, eta hilaren 22an eztabaidatuko dute.