Politika -

Auzitegi Nazionala

Carasatorrek ez du deklaratu Morcilloren hilketaren epaiketan

Valentin Lasarte ETAko kide ohiak, berriz, aitortu egin du Donostiako Udaltzaingoaren buruaren kontrako atentatuan parte hartu zuela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Ramon Carasatorre Aldaz ETAko kideak uko egin dio deklaratzeari Auzitegi Nazionalean Alfonso Morcillo Donostiako Udaltzaingoaren burua zenaren hilketa argitzeko epaiketan. 1995eko abenduaren 15ean hil zuen ETAk udaltzainburua eta Carlos Bautista fiskalak Carasatorreri leporatzen dio hilketa eta 30 urteko kartzela-zigorra eskatu du.

Carasatorrek deklaratu ez duen arren, Valentin Lasarte ETAko kide ohiak bai. Lekuko gisa deklaratu du eta atentatuan parte hartu zuela aitortu.

Dena dela, Lasartek esan du ez zela oroitzen Carasatorrek ere hilketan parte hartu ote zuen, ezta Francisco Javier Garcia Gaztelu Txapotek lagundu ote zien ere. "Duela sei urte ETA utzi nuen, talde horretan egon nintzen, jende asko pasa zen taldetik eta ez ditut datu zehatzak oroitzen", gaineratu du.

Lasartek "barkamena" eskatu die "kaltetu guztiei" eta Auzitegi Nazionalean zeuden ikusleek erantzun egin diote: "Orain? Lehenago!". Fiskala, Carmen Ladron de Guevara abokatu eta Terrorismoaren Biktimen Elkarteko ordezkaria harrituta geratu dira Lasarteren "bat bateko amnesia krisiagatik", ezin izan dituelako atentatuaren "datu zehatzak gogora ekarri".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea