Politika -
Erantzuna Urkulluri
Basagoiti: 'PPk bukaeraraino babestuko du PSEren Gobernua'
EAEko PPren buruak hala erantzun dio Urkulluri. Azken horrek euskal legealdia ez dela beteko esan du eta PSEren eta PPren arteko "onurazko ezkontza"ren menpe egongo dela.
Erredakzioa
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak Iñigo Urkullu EBBko buruari "Rapelen papera ez egiteko" eskatu dio eta PPk Patxi Lopezen Gobernua bukaeraraino babestuko duela adierazi du.
PPko buruak hala erantzun dio Iñigo Urkulluri. Azken horrek euskal legealdia ez dela beteko esan du eta PSEren eta PPren arteko "onurazko ezkontza"ren menpe egongo dela.
Iñigo Urkulluk "etorkizuna ikusteko Rapelen gaitasuna" duela esan du Basagoitik, "Gobernu honek bi hilabete iraungo zuela esan zuelako eta bi urte eta erdi daramatzalako".
Basagoitiren arabera, "egoerak eskatzen duen maila ematea" beharrezkoa da, beraz, "gehiago ulertu behar dugu elkar, eta hobeto". PPk Patxi Lopezen Gobernua "bukaeraraino" babestuko duela gaineratu du, "Euskadik inoiz baino gehiago, bizikidetza, normaltasuna eta ulermena behar" dituelako, "horrek ere ekonomia hobeago bat ekarri dezakeelako".
Politika fiskalaren paktua
Gobernuarekin politika fiskalaren ituna hitzartzeko prest dago. "Funtsezko" bi gauzetan bat datozela gaineratu du, "zerga-iruzurren kontrako borrokan" eta "autonomoei, ekintzaileei eta lanpostuak sortzen dituzten pertsonei babesa emateko jarreran".
Zerga-politikari dagokionez, PPk Gobernuarekin eta EAJrekin hitzarmen bat bilatzen saiatuko dela azaldu du.