Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Enpresa zuzendarien soldatak ere publiko egiteko eskatu du Pastorrek
Sozialisten bozeramailearen arabera, Bilduk deitoratu egin beharko luke ETAren mehatxuen ondorioz Espainiako Vuelta duela 33 urte Euskaditik igaro ez izana.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak Kongresuko kideek "agertutako jarrerari jarraitu" eta euren soldatak eta ondarea jakitera emateko eskatu die enpresa eta hedabideen zuzendariei.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketan, agintari sozialistak azpimarratu egin du bere alderdia izan zela eztabaida hori bultzatu zuena, ez Kongresuan bakarrik, Eusko Legebiltzarrean ere bai.
Eduardo Madina alderdikidearen kasua nabarmendu nahi izan du, ETAren atentatu baten ondorioz jasotako kalteordainekin etxebizitza ordaindu zuenean: "Ziur naiz nahiago lukeela zangoa eduki eta ondarerik ez izatea".
Pastorren Espainiako Vuelta EAEtik igarotzea ere komentatu nahi izan du, eta Bilduk horren aurrean erakutsitako kontrako jarrera. PSE-EEko bozeramaileak Bilduk egindako kirol ekitaldi horren politizazioa kritikatu du eta ETAren mehatxuen ondorioz Vuelta 33 urtetan EAEtik pasatu ez izana "deitoratzea" eskatu die.
Elkarrizketan ere, Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidenteari lehendakariaz hitz egiten duenean "zuhurrago" aritzeko eta bere zeregin instituzionaletan atentzio handiagoa jartzeko eskatu dio Pastorrek. Era berean, Ondarearen zerga "hobetu" baten alde egin du, klase ertainengan baino errenta handienengan eragin handiagoa duena.