Politika -
XII. KONGRESUA
Javier Esparza UPNko presidente aukeratu dute berriro
1.027 militanteren botoak jaso ditu Esparzak, goizean egin den bozketan. Sergio Sayas hautagaiak, berriz, 735en babesa jaso du. "Oso pozik" agertu da Esparza biltzarraren amaieran.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier Esparza aukeratu dute berriro UPNren presidente kargurako, alderdi erregionalistak Iruñeko Baluarte Jauregian gaur egin duen XII. Kongresuan.
COVID-19a dela eta, jende pilaketak ekiditeko, hainbat herritan jarri dituzte hautetsontziak (Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla, Elizondo eta Kaseda), eta militanteek boto zuzena emanez aukeratu dute datozen urteotarako presidentea. 1.027 militanteren botoak jaso ditu Esparzak, eta beste hautagaiak, Sergio Sayasek, berriz, 735en babesa jaso du.
Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Yolanda Ibañez UPNko idazkari nagusia ditu bidelagun bere hautagaitzan Esparzak, presidenteorde kargurako aurrena, eta idazkari karguan jarraitzeko bigarrena.
Gaurko biltzarrean, UPNren Kontseilu Politikoa osatuko duten 75 kideak ere aukeratu dituzte, datozen urteotako lan-ildoak jasotzen dituzten hainbat ponentziarekin batera.
"Maila pertsonalean, oso pozik" agertu da Esparza biltzarraren amaieran; izan ere, hitzordua azken urteetan egindako lanaren "amaierako azterketa" gisa hartu du, aitortu duenez.
"UPNren familia handiari" eskerrak eman dizkio alderdi erregionalistako presidenteak, "Nafarroako lehen alderdia zergatik garen berriz erakutsi duelako".