Politika -
Patxi Lopez BECen
'Gazteen enpleguan ahalegin handiagoa' egitea nahi du lehendakariak
Enpresariei "denen konpromesua" eskatu die, gazteen artean enplegua sortzeko batik bat. Politika orokorreko osoko bilkuran proposamen bat aurkeztuko duela esan du hil honen bukaeran lehendakariak.
Erredakzioa
Enplegua sortzea Euskadik duen erronkarik handienetakoa dela esan du Patxi Lopez lehendakariak, eta horregatik "denen konpromisoa" eskatu du eta "batik bat enpresariena".
BECen Bizkaia eta Arabako militante sozialistekin izan duen bilkuran, Lopezek "behar dutenean Gobernuak enpresak eta enpresariak laguntzen dituela" gogoraratu du "kanpora ateratzen laguntzen diegu, eta diru publikoarekin ere arazoak dituztenean".
Horregatik, "herrialdeak duen arazo nagusiarekin konpromisoa" eskatu die, eta akordio bat bilatzeko dei egin die:"enpresariek pertsona gehiagori lana emateko, batik bat gazteei".
PSEko beste hainbat kargu egon dira bilkuran, Eusko Jaurlaritzako hainbat kontseilarirekin batera. "Enplegua Euskadiko erronkarik ezinbestekoenetakoa" dela gogorarazi du eta "erkidegoan egoera Espainian baino hobea dela" esan duen arren- langabezia tasa erdian dago- "langabeziari aurre egiteko lanean jarraitu behar dela" adierazi du.
Helburua gazteen enpleguan ahalegin handiagoak egitea dela esan du Lopezek, gehien behar duten eremuetara bideratutako neurriekin, ekintzaileei lagunduta eta prestakuntza-ibilbideekin. Zentzu honetan, politika orokorreko osoko bilkuran proposamen bat aurkeztuko duela esan du hil honen bukaeran.
Ekonomia eta Ongizatearen estatuaren mantentzea ere erronka nagusi bezala aipatu ditu Lopezek, eta gobernuek ezin dituztela bakarrik espekulatzaileen aurkako "babes neurriak" hartu esan du. "Europa gehiagoren" alde azaldu da eta Europar Batasuneko herrialdeen arteko akordio baten alde "bihotzik gabeko espekulatzaileekin bukatzeko".
Bestalde, neurriak soilik ezin direla "gastuak murriztea" izan esan du, bestela, Ongizatearen estatua lur jota geldituko dela. Horregatik, "fiskalitatearen eztabaidak" inoiz baino zentzu gehiago duela esan du, iruzur fiskalaren aurka egiteko beharra berretsiz, baita gehien dutenek gehiago ordaintzeko ideia berretsiz ere, errenta altuentzako ondarearen gaineko zerga berreskuratuz.
Zentzu honetan, itxaropentsu agertu da Aldundiek Eusko Jaurlaritzarekin batera eztabaida honetan parte har dezaten eta akordio batera iritsi daitezen.