Politika -
Basagoitik, ezker abertzaleari
Basagoiti: ‘Ezker abertzaleak nahi badu, ETA desagertu egingo da’
Basagoitiren ustez, "Rufik, Tasiok edo dena delakoak esaten dutena gorabehera, erabakigarria da horiek terrorismotik aldentzea eta ETA desagertzea".
Erredakzioa
Antonio Basagoiti PPko presidenteak ezker abertzalearen inguruan esan duenez, "ETAk bizirik jarraitzen du eta horiek ez dute ez salatzen ez kritikatzen euskal gizarteari egin zaion min guztia". Hori dela eta, "eginbeharrak egiteko" eskatu die; izan ere, "ezker abertzaleak nahi badu, ETA desagertu egingo da, bere beso politikorik gabe ETA ez baita ezer", horren hitzetan.
Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenetan, Basagoitik esan du ezker abertzaleak "urte eta erdi edo bi urte" daramatzala ETAk armak uztea erabaki duela esaten, baina "ETA hor dago oraindik".
Rufi Etxeberria ezker abertzaleko buruak "ETAk uzteko erabakia hartu du" esan duela eta Basagoitik esan duenez, "dagoeneko hitzak ez dira nahikoa, ekintzak behar dira. Armak utzi behar dituzte eta kritikoak izan behar dira terrorismoarekin".
"Rufik, Tasiok edo dena delakoak esaten dutena baino garrantzitsuago da terrorismotik aldentzea, erakunde armatua desagertzea eta azken 30 urteak ikuspegi kritiko batekin aztertzea", gaineratu du Basagoitik.
Ezker abertzalearen eta PPren arteko harremanak
Rufi Etxeberriak ezker abertzaleak eta PPk harremanak abiatzea eskatu eta gero, Basagoitik adierazi du "ETA dagoen bitartean eta horiek ez direla horren parte erakusten ez duten bitartean" ez duela telefonoa hartuko, "baldin eta nire bulegora deitzen badute".