Politika -
Hauteskundeak
Galizian hautesleen % 42,97k eman dute botoa 17:00etara arte, 2016an bezala
Parte-hartzea duela lau urte baino 0,48 puntu handiagoa izan da. A Mariña eskualdean ere, 2016ko datuak errepikatu dira, eta "pixka bat egin dute gora".
Agentziak | Erredakzioa
Galiziako hauteskundeetan, 17:00etan, hautesleen % 42,97k zuten emana botoa. Ehuneko hori 2016ko hauteskunde autonomikoetan izandako datuaren parekoa da; orduan, % 42,49koa izan zen. Beraz, 0,48 puntu egin du gora.
Xuntak jakitera eman duenez, probintziei erreparatuta, Coruñan eta Pontevedran gora egin du parte-hartzeak; hain zuzen ere, Coruñan % 42,84koa da, 2016an baino 0,82 puntu handiagoa, eta Pontevedran, aldiz, % 43,60koa, hau da, duela lau urte baino 1,31 puntu handiagoa. Lugon eta Ourensen, berriz, behera egin du; Lugon, 0,84 puntu; Ourensen, 1,80 puntu.
12:00etan, parte-hartzearen gorakada handiagoa zen; izan ere, 2016an baino % 4,41 herritar gehiago zuten emana botoa ordu horretan.
Mariña eskualdean atzemandako COVID-19aren agerraldia dela eta, osasun-barrutiko udaletan mugitzeko murrizketak ezarri dituzte. Hala ere, Xuntaren arabera, parte-hartzea 2016koaren parekoa zen 17:00etan, eta "pixka bat gora" egin du.
Feijoo: "Galiziak demokrazia aintzat hartzen du"
Aurreneko orduetan izandako "parte-hartze handia" azpimarratu du Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidenteak. "Galiziak demokrazia aintzat hartzen du", adierazi du buruzagiak.
Guztira, 2.697.315 pertsonak osatzen dute hauteskunde-errolda: boto-emaile horietako 2,23 milioi Galizian daude, eta 463.163 atzerrian bizi diren egoiliarrak dira.