Politika -
Bildu, 100 egun udaletxean
Izagirre : 'Normaltasun osoz funtzionatzen jarraitu du denak'
Bilduren hitzetan, Donostia da "proiektu bat ere gelditu" ez duen euskal hiriburu bakarra.
Erredakzioa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen hitzetan, Bilduk udaletxean daramatzan lehen ehun egunetan dena "normaltasun osoz" joan da, eta uda "liskarrik gabe" igaro da, "inoiz baino turista gehiagorekin".
Izagirrek prentsaurrekoan azaldu duenez, administrazioek "toki guztietan" gelditu behar izan dituzte proiektuak, eta Donostian "oraindik ez dugu bat ere gelditu behar izan"; halaber, "Tabakalera eta 2016an Donostia Europako kultur hiriburua izateko proiektuak nabarmentzea" erabaki dutela esan du.
Bestalde, Udalaren kontabilitate txosten batek "euro bat ere ez gastatzeko" gomendatu diela azaldu du alkateak, baina, hala ere, autobusen geltokia, Anoeta, Ilunbe, AHT, Zubietako kartzela eta errauskailua "mahai gainean" daudela esan du.
Bestalde, Bilduko Gobernuak “ohi kanpoko bilerak izan ditu instituzio guztiekin, eta talde askorekin”. Gainera, “Tabakaleraren, Donostia 2016ren, Kutxa Banken, TAOren eta beste hainbat gaietan oposizioaren alderdi guztiekin hitz egiten saiatu” da, “norgehiagoka antzurik ez izateko”, alkateak adierazi duenez.
Ildo horretan, “aurkari politiko batekin elkarrizketa bat izateagatik” kritikak egin dituzten “politikari eta esatari batzuen hezibide txikiak” harridura sortu diola esan du Izagirrek. Izan ere, hori da “normalizazioa lortu nahi denean egin behar ez dena”.