Politika -
Bateragune
Bateraguneren epaiaren kontrako martxa iragarri dute, Bilbon, 24rako
Bilduk, Aralarrek, zenbait sindikatuk eta Ikasle Abertzaleak taldeak, besteak beste, "Euskal Herrian zabaldu den prozesu demokratikoaren kontrako epaiaren" aurka protesta egiteko dei egin dute.
Erredakzioa
Bildu koalizioak, Aralar alderdiak eta zenbait sindikatuk, besteak beste, Bateragune euren iritziz "Euskal Herrian zabaldu den prozesu demokratikoaren kontrako epaiaren" aurka, datorren larunbatean (hilaren 24), protesta egiteko dei egin dute. Gainera, ostegunean (22) elkarretaratzeak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan.
Deitzaileen ordezkariek Donostian izandako prentsaurreko batean egin dute iragarpena. Bertan, Rafa Diez Usabiaga LABen idazkari nagusi ohia ere (aske geratzen den bost zigortuetatik bakarra) egon da. Diez Usabiagak ez du 10 urteko kartzelaldiari buruz hitz egin nahi izan.
Pello Urizar (EA), Oskar Matute (Alternatiba) eta Txelui Moreno ezker abertzalearen bozeramailea agerrraldi publikoan izan dira. Bertan, Josu Balmaseda ESK sindikatukoak eta Haizea Solagurenbeaskoa Ikasle Abertzaleko kideak agiri bat irakurri dute. Agirian salatu dutenez, Auzitegi Nazionalaren epaia "bidegabekeria" da eta "bakerako bidean eta konponbide demokratikoen prozesuan oztopo bat gehiago suposatzen du".
Arnaldo Otegi eta Rafa Diez Usabiaga, "buruzagi politikoak", "zabalik dagoen prozesu demokratikoan hainbeste egin dutenak kartzelaratuak, epaituak eta zigortuak" izatea salatu dute, eta horrek "prozesu bera eta euren bidez ordezkatuta sentitzen diren hainbat lagun zigortzea" suposatzen du.
"Horregatik ulertzen dugu euskal gizarteari zuzendutako erasoa dela, baita Euskal Herria eszenatoki baketsu, demokratiko eta aske bat lortzeko aro berria lortzeko gehiengoari zuzendutakoa ere", adierazi dute.