Politika -
2007ko urrian atxilotuak
Kale borroka erasoak egitea leporatuta 11 gazte epaituko ditu ANk
Gonzalez Mota fiskalak 7 eta 13 urte arteko zigorrak eskatuko ditu auzipetuentzat, ustez hainbat banketxe,batzoki bat eta zinegotzi baten etxebizitzaren kontra, besteak beste, erasoak egiteagatik.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak astelehenetik asteazkenera bitartean 11 lagun epaituko ditu ustez ETAren menpeko diren zenbait talde osatzeagatik eta Bizkaian kale borrokako hainbat eraso egiteagatik; esaterako, banketxe batzuren, EAJren batzoki baten eta zinegotzi sozialista baten etxebizitza baten aurka erasoak egitea leporatuta.
Vicente Gonzalez Mota fiskalak zazpi eta 13 urte bitarteko espetxealdiak eskatuko ditu, talde terrorista baten kide izatea, lehergailuak edukitzea, sute terroristak eragitea, mehatxu terroristak egitea eta kalte terroristak sortzea egotzita.
Zehatz-mehatz, 13 urte eta 11 hilabeteko kartzela-zigorra eskatuko du Mikel de Gregorio Escribanorentzat eta Josu Rodriguez Mallabiarrenarentzat, eta 9 urtekoa Aner Mimenza Bilbatuarentzat.
Horrez gain, 7 urte eta 11 hilabeteko espetxealdia eskatuko du Joseba Elorriaga Larrearentzat eta Mikel Rekarterentzat. Halaber, Lander Labajo, Txomin Gezuraga, Jon Rosales, Zigor Goikoetxea, Jon Bautista eta Gorka Oriberentzat 7 urteko kartzelaldia eskatuko du fiskalak.
Ministerio Publikoaren akusazioaren arabera, Ibon Fernandez Iradi 'Susper' ETAko buruzagi ohiari 2002ean atzemandako agirietan oinarrituta egin zituzten ustez 2004 eta 2007 urteren artean kale borroka ekintzak egin zituen taldeen atxiloketak.