Politika -
Batzar Nazionala
Hauteskunde orokorretarako koalizioa onartu du EAk oposiziorik gabe
Horrela, batasunaren aldeko apustua egingo du berriro Eusko Alkartasunak, hauteskunde orokorretara aurkezteko modurik onena dela erabaki ostean.
Erredakzioa
Eusko Alkartasunaren Batzar Nazionalak bilera egin du gaur Gasteizen. Ezker abertzalearekin, Alternatibarekin eta Aralarrekin hauteskundeetara koalizioan aurkeztea onartu du Batzarrak aho batez, alderdiak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez.
Peio Urizar EAko idazkari nagusiak nondik norakoak azaldu ditu eta Batzorde Nazionalak egindako proposamena onartu dute militantziako ordezkariek.
Batasunaren aldeko apustua egingo du berriro Eusko Alkartasunak, hauteskunde orokorretara aurkezteko modurik onena dela erabaki ostean.
"Herri gisa defendatuko dituen ordezkaritza politiko bat nahi duten independentistei erantzuna emateko" formularik egokiena dela defendatu du Peio Urizarrek.
Atzo Alkartasuna Egunean emandako hitzaldian esan bezala, EAJ oker dagoela errepikatu du EAko idazkari nagusiak. Jeltzaleek koalizio abertzalean ez parte hartzea erabaki zuten. "Baina jeltzaleak ez ditugu arerio izango, Estatuko aparatua baizik", erantsi du Urizarrek.