Politika -
Donostian
Elorza ez da Brian Currinekin bilduko Donostiako Bake Etxean
Hala ere, Donostiako alkate ohiak Currinekin biltzeko prest dagoela esan du, baina beste edozein tokitan.
Erredakzioa
Odon Elorza Donostiako alkate ohia ez da Brian Currin Hego Afrikako abokatuarekin bilduko Donostiako Bake Etxean; bihar Harremanetarako Nazioarteko Taldea bilduko da bertan.
Elorzak bere asmoen berri eman dio Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari; izan ere, "desegokitzat" jo du Currinekin toki horretan biltzea, giza Eskubideen Udal Batzordeak oraindik ez duelako bilera hori onartu.
Elorzak Izagirreri bidalitako gutun batean azaltzen duenez, Donostiako Giza Eskubideen Udal Batzordea oraindik ez da bildu, eta ildo horretan, Udalean bakearen inguruan abian jartzen diren ekimenak batzorde horrek zuzendu behar dituela uste du Elorzak.
"Nire ustez, oraindik bildu ez duzun udal batzordeak erabaki beharko luke bilera hori Bake Etxean egin behar ote den edo ez", adierazi du.
Erabaki hori hartu arte, "desegokia" iruditzen zait bere erabakiari aurrea hartzea eta Currin jaunarekin bertan biltzea", esan du Elorzak.
Hala ere, alkate ohiak Currinekin biltzeko prest dago "bake prozesuaren, terrorismoaren biktimen eta presoen, eta ETAren desagerpena lortzeko beharraren inguruan eztabaidatzeko", baina beste edozein tokitan egiteko prest dagoela azaldu du.