Politika -

Enbaxadoreak Espainian

Aresek enbaxadoreei azken esfortzu bat eskatu die, ETArekin amaitzeko

Gainera, Herrizaingo sailburuak Espainian dauden enbaxadoreei eta diplomazialariei Euskadin inbertitzera animatu die, "aukeren" erkidegoa delako.

Rodolfo Ares enbaxadoreekin eta diplomazialariekin izan duen bileran. EITB
Rodolfo Ares enbaxadoreekin eta diplomazialariekin izan duen bileran. EITB
Rodolfo Ares enbaxadoreekin eta diplomazialariekin izan duen bileran. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak enbaxadoreei eta diplomazialariei "azkeneko esfortzu bat" eskatu die terrorismoarekin "lehenbailehen" amaitzeko. Horrez gain, Euskadin inbertitzera animatu ditu, "aukeren" erkidegoa delako.

Aresek Madrilen Eusko Jaurlaritzak duen Ordezkaritzaren egoitzan bilera izan du Espainian dauden misio diplomatiko batzuetako enbaxadore eta kontseilariekin. Terrorismoaren kontrako borrokan emandako "laguntza" eskertu die "ETArekin amaitzeko eta Euskadin bakea eta askatasuna finkatzeko azkeneko txanpan ".

Datozen egunetan ETAren komunikatu bat egoteko aukeren inguruan galdetuta, Aresek ez duela espekulazioei buruzko baloraziorik egingo erantzun du, eta "oso zentzuduna" dela talde terroristaren iragarpenen inguruko analisiak egitean; inporta zaion ETAren mezu bakarra "behin betiko ekintza terrorista guztiak uzten dituena da".

Sailburuak esan duenez, Euskadik badaki "bere etorkizuna eraikitzeko erarik onena Espainia eta Europa barneko autonomia esparruan eraikitzea dela". Horregatik, sailburuak enbaxadoreei Euskadiko turismoa bi urtez "hazi" egin dela, eta "egoera pribilegiatua" duen erkidego horrek azpiegiturak "hobetuko" dituela jakinarazi die, bisitatzen dituztenei hobeto erantzuteko. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria Madrilen, Irune Aguirrezabal, ere izan da bileran. Alemania, Irlanda eta Portugalgo enbaxadoreak, Europako Batzordeko ordezkaria, Flandeseko ordezkaria, eta Belgika, Frantzia, Norvegia, Erresuma Batua eta Suitzako Enbaxadetako politika eta barne gaietarako kontseilariak joan dira bertara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea