Politika -

'El Correo'-ren aurkako erasoa

Beobideri 15 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak

Bestalde, Gorka Landaburu kazetariaren aurka atentatua ustez egin zuten auzipetuentzako 23 urteko kartzela-zigorra eskatuko du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibai Beobide Arza 'Manex' ETAko kideari 15 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak, eraso terrorista batengatik. 2008an lehergailu bat ezarri zuen 'El Correo' egunkariaren egoitzan, Zamudion (Bizkaia). Eztandak kalte materialak eragin zituen.

Lehergailuak 2008ko ekainaren 8an, 03:00etan, eztanda egin zuen, egunkariaren egoitzan eta inguruko enpresetan kalte material handiak utziz. Erasoa 'Gara' egunkarian aldarrikatu zuen ETAk 2008ko abuztaren 16an.

Beobide behin behineko espetxealdia betetzen ari da 2010eko ekainaren 16az geroztik. Gainera, Gorbeian eta Hernanin zenbait gordeleku zituela frogatutzat jo du auzitegiak. Bertan lehergaiak gordetzen zituen ETAko kideak, baita dirua ere.

Landabururen aurkako atentatua

Bestalde, ETAko 'Buruntza' taldeko bi kiderentzat 23 urteko kartzela-zigorra eskatuko du Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, Gorka Landaburu 'Cambio 16' aldizkariko kazetariaren aurka egindako atentatuagatik. Erasoa 2001eko maiatzean egin zuen erakunde terroristak.

Landaburu aldizkariko ordezkaria zen Gipuzkoan. Kazetariak bost hatz galdu zituen postaz jasotako bonba-liburu bat zabaldu ostean. Biktimari 350.000 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du Ministerio Publikoak.

Patxi Xabier Makazaga eta Oskarbi Jauregi ETAko kideek kazetaria hil nahi izan zutela adierzi du Ministerio Publikoak ondorioen txostenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea