Politika -
EUSKO JAURLARITZA
Jaurlaritza Donostian bildu da gaur, urte politiko berriko lehen gobernu bileran
Datorren astean egingo da lehendakaria izendatzeko bilkura eta ondoren etorriko da Jaurlaritza berriaren osaketa.
Euskadi Irratia | EITB.EUS
Eusko Jaurlaritza Donostiako Miramar Jauregian bildu da gaur, asteartea, ohikoa den urte politiko berriko lehen gobernu bilera egiteko asmoz.
Urteko lehen batzarra da, eta ziurtzat jo daiteke, gainera, gaur egungo sailburuak elkarrekin gobernu bileran egongo diren azken bilera dela. Datorren astean egingo da lehendakaria izendatzeko bilkura eta ondoren etorriko da Jaurlaritza berriaren osaketa.
Gaur, Donostiako Miramarreko bileraren ostean, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria komunikabideen aurrean agertuko da, 12:00etan. Hauteskundeen ondoren egiten duen lehen agerraldia izango da, eta zuzenean ikusi ahal izango da eitb.eus-en.
Hala, Jaurlaritza honen azkeneko gobernu bilera da gaurkoa. Goizeko 10:00etan iritsi dira Miramar Jauregira jarduneko 11 sailburuak, eta Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin, Donostiako alkatearekin eta Batzar Nagusietako presidentearekin batera harrera egin diote Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariari.
Legealdiaren balantzea egiteko unea da Iñigo Urkullurentzat, baina azken gobernu bilera honetan mahai gainean da COVID-19a. Egoera epidemiologikoa eta arlo sozial eta ekonomikoan duen eragina aztertuko dituzte.
Gobernu berriaren inguruko negoziaketa bete betean dator uda osteko ohiko hitzorduarekin, astebete barru izango baita Iñigo Urkullu lehendakari izendatzeko inbestidura saioa Legebiltzarrean. Bi egun geroago, irailaren 5ean, Gernikan karguaren zina egingo du, eta hilaren 8an izango da Jaurlaritza berriaren lehen gobernu bilera.