Politika -

Koronabirusa

Lan eta hezkuntza jarduerari berrekiteko "zaintza maximoa" agindu du Urkulluk

Osasun sistemaren gaitasuna "bermatuta" dagoela esan du jarduneko lehendakariak, eta "ohitura berriekin bizitzen ikasteko" unea dela azpimarratu du.

Gobernu Kontseilua Miramar jauregian. Irudia: Irekia
Gobernu Kontseilua Miramar jauregian
COVID-19aren aurreko ohiturak aldatzeko deia egin die Urkulluk herritarrei

1:49

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak euskal osasun sistemaren gaitasuna "bermatuta" dagoela adierazi du, EAEn larrialdi sanitarioa bizi den arren. Horrez gain, ziurtatu du erakundeek "zaintza eta kontrol maximoa" mantenduko dutela lan eta hezkuntza jarduerari berrekiteko bidean, eta herritarrei "beste ohitura eta jokabide batzuekin bizitzen ikasteko" eskatu die.

Jarduneko Exekutiboak egiten duen azken Gobernu Kontseiluaren ostean egin du agerraldia Urkulluk, covid-19agatik EAEn osasun larrialdia ezarri ondoren egindako lehen agerraldi publikoan, eta bere lehen hitzak pandemian hildakoak eta Zaldibarko zabortegiko luizian hildako langileak, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, gogoratzeko izan dira.

Jarduneko lehendakariak ez du ezkutatu nahi izan "zailtasun asko" egongo direla koronabirusaren pandemiak "maila globalean inoiz ikusi ez den egoera baten aurrean" jarri gaituelako, eta "'shock emozionala' da gizarte osoarentzat mundu osoan", aitortu du.

Nolanahi ere, gogorarazi du EAE gai izaten ari dela "egoera horri aurre egiteko MOEren gomendioen arabera". "Konfiantza dugu susperraldian. Konfiantza dugu Eusko Jaurlaritzaren, erakunde publikoen, eragile ekonomiko, sozial, hezitzaile edo kulturalen eta euskal gizarte osoaren lan jarraituagatik", adierazi du.

Iñigo Urkulluk gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoa osasun larrialdi egoeran dagoela, baina bere osasun sistemaren gaitasuna "bermatuta dago", adierazi du. "Egia da ospitaleratzeak areagotu direla, baina oso urrun gaude martxoan, apirilean edo maiatzean izandako zailtasunetatik", gaineratu du.

Horren aurrean, bere ustez, orain "egoera hartara ez itzultzeko ahal den guztia egitea dagokio". Gainera, kasu gehienak modu asintomatikoan gertatzen direla 50 urtetik beherakoetan nabarmendu du, eta helburua "arrisku kolektiboetara zabaltzea saihestea" dela.

Datozen hilabeteetan gaixotasunarekin bizitzen jarraituko beharko dela eta neurriak hartzen jarraitu beharko dela adierazi du jarduneko lehendakariak, "lehentasuna osasuna da", azaldu du. "Bizikidetza, bizitza soziala, ekonomikoa, hezkuntzakoa edo kulturala ere babestu eta mantendu behar ditugu. Norberaren osasunerako lehentasunezkoena norberaren prebentzioa da. Gure burua babestu behar dugu, eta gure jarduera soziala murriztu behar dugu", azpimarratu du.

Beste ohitura eta portaera batzuk

"Beste ohitura eta jokabide batzuekin bizitzen ikasteko" deia egin du Iñigo Urkulluk. Hori dela eta, "egun batzuetan lan jarduerari berriro helduko diogunean, baita hezkuntza, kirol eta beste esparru sozial batzuetakoari ere", "zaintza eta kontrolak ahalik eta handiena izan behar du", nabarmendu du, eta erakundeek "neurri guztiak" hartu behar dituztela.

Ildo horretan, zerbitzu publikoek funtzionamendu protokoloak berrikusi eta eguneratu beharko dituzte, eta enpresek beren segurtasun planekin jarraitu. Hala ere, ohartarazi duenez, "horrek guztiak ez du ezertarako balioko" herritarrak ez badira "jabetzen egoera hau luzerako dela" eta "konpromiso pertsonal eta kolektiboa" hartzen ez badute.

Hezkuntza

Jarduneko lehendakariaren ustez, hezkuntza "zutabeetako bat da" eta "inplikazioak ditu, ez bakarrik pertsonen prestakuntzan, baita beste esparru batzuetan ere, familia kontziliazioan". "Beharrezkoa da ikasgeletara itzultzea, eta ahalik eta segurtasun berme handienekin antolatzeko lanean ari gara", ziurtatu du.

Urkulluk ekainean jada "zati bateko itzulera eta talde mugatuetan esperientzia" izan zela nabarmendu du, gaur egun erreferentzia gisa balio duena. Era berean, "ikastetxeek funtzionamendu protokoloak landu dituzte", azpimarratu du.

Inbestidura saioa

Bestalde, Iñigo Urkullu irailaren 3ko Eusko Legebiltzarreko inbestidura saioaz aritu da, eta EAJk eta PSE-EEk egiten dituzten negoziazioetan Gobernu akordio programatikoaren oinarriak amaitzen ari direla adierazi du.

Ondorio ekonomikoari dagokionez, jardueraren galera eta horrek enpresetan, jarduera profesionaletan eta negozioetan duen eragina aipatu ditu, eta gizarte arloan, berriz, enpleguan duen eragina, kolektibo ahulen hazkundea eta familien beharrak.

Berreraikitze etapa

"Berreraikuntza ekonomiko eta sozialaren eta errekuperazio emozionalaren aro berri bat" hasiko dela ziurtatu du Urkulluk.

Jarduneko lehendakariaren ustez, EAEk "autogobernurako gaitasuna" du, eta bere ahalmen guztiak izatea "funtsezkoa izango da herrialdea aurrera ateratzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Iñigo Urkullu Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak